Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

EH Bilduren babesa %4,6 hazi da

Guaixe 2023ko uzt. 24a, 10:13

PSOEren babesa %16,4 handitu da ibarrean. Bel Pozueta Fernandezek diputatu izaten segituko du.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan sakandarrek EH Bilduri babes handiagoa eman diote. Duela lau urte ez bezala, koalizioak 4.000 botoen langa gainditu, eta sakandarren botoen %41,56 jaso du. Bigarren indarra PSOE izan da, ia 2.200 botorekin eta sakandarren %22aren babesa lortuta. Sumarrendako izan da hirugarren postua Sakanan, 1.149 boto, %11,52, lortuta. Elkarrekin Podemos aurreko deialdian bigarren indarra izan zen, eta 843 boto gehiago eskuratu zituen ibarrean. 

Sakandarren aldetik babes gehien izan duen laugarren alderdia PP izan da: 845 boto, %8,48. Lau urtetan Geroa Baik 901 boto galdu, eta 786rekin gelditu da. Sakandarren %7,88k egin du koalizioaren alde. UPNri dagokionez, 505 boto, %5,07, eskuratu ditu. Erregionalistak eta popularrak aurreko deialdian Navarra Suma izenarekin aurkeztu ziren. Banatuta aurkeztuta, bien emaitzek 29 boto gehiago eman dute. Azkenik, Voxek 200 boto, %2, eskuratu ditu. 

Maiatzeko foru hauteskundeekin alderatuz gero, EH Bilduk 401 boto (%10,71) irabazi du. PSNk 1.138 boto gehiago jaso ditu (%107,77). Sumarrek Contigo Zurekinek baino 776 boto (%205,58) gehiago jaso ditu. PPren babesak 515 hazi dira Sakanan (%156,06). Maiatzarekin alderatuta, Geroa Baik 1.881 boto (%70,53) galdu ditu. Galera ere erregionalistendako: 389 boto (%43,51) gutxiago. 

Abstentzioa
Igandean botoa emateko aukera zuten sakandarren %34,83k ez zuen bere eskubidea erabili eta, beraz, 2019ko deialdiarekin alderatuta abstentzioa 7,38 puntu hazi zen. Hauteskunde egunak festekin bat egin zuen ibarreko hiru herritan, eta horrek parte hartzean eragina izan zuen, abstentzioa handiagoa izan baitzen: Irurtzunen %38,42 (11,39 puntu handiago), Bakaikun %26,24 (8,89 handiago) eta Olatzagutian %40,11 (9,41 handiagoa).