Pilota

Martijak eta Jakak Masterseko lehen puntua ihes egiten utzi zuten

Guaixe 2023ko uzt. 24a, 11:13

Julen Martija, partidako atsedenaldietako batean. ASPE

CaixaBank Masterseko lehen partidan 21 eta 22 galdu zuten Altunaren eta Imazen kontra. Santiago egunean sartuko dira lehian Larrazabal eta Zabaleta

Abian da CaixaBank Mastersa. Txapelketa hau mistoa da, hau da, bi enpresetako pilotariak nahasita sortutako sei bikotek hartzen dute parte: Ezkurdia-Mariezkurrena, Jaka-Martija, Larrazabal-Zabaleta, Elordi-Albisu, Peña II.a-Rezusta eta Altuna III.a-Imaz. Hasieran bost jardunaldiko ligaxka jokatuko da, segidan finalerdiak, eta urriaren 1ean Nafarroa Arenan jokatuko den final handia. 

Uztailaren 22an, larunbatarekin, jokatu zen CaixaBank Masterseko lehen partida, Barakaldon. Jaka eta Martija, alde batetik, eta Altuna eta Imaz, bestetik. Jaka eta Martija ederki ibili ziren lehen zatian eta jokoaren ekimena beraiena izan zen. 20 eta 15 aurreratu egin ziren eta irabaztea merezi izan zuten, baina egin zituzten akatsek Altunari eta Imazi garaipena eman baitzieten. Altunak eta Imazek 21era berdindu zuten eta azken tantoa euren aldera erori zenez, 21 eta 22 irabazi zuten, dirdira gehiegirik egin gabe. Hala ere, inoiz ez da Altuna gutxietsi behar. 

Zabaleta, Santiago egunean
CaixaBank Masterseko bigarren partida uztailaren 25ean, Santiago egunean jokatuko da Elizondon, 17:30ean hasiko den jaialdian. Larrazabalek eta Zabaletak Elordi eta Albisu izango dituzte aurkari. 

Hurrengo partida uztailaren 28an jokatuko dute, Oiartzunen, Altuna III.a-Imazek Larrazabal-Zabaletaren kontra. Uztailaren 30ean, igandearekin, Lekunberrin, Ezkurdia eta Mariezkurrena sartuko dira lehian, Elordiren eta Albisuren kontra. Eta uztailaren 31n, San Ignazio egunean, Jakak eta Martijak Peña II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari Laudion.