Txirrindularitza

Iker Gomez Iruñerriko Itzulian seigarren da baina maillot gorria galdu du

Guaixe 2023ko uzt. 25a, 09:24
Iruñerriko Itzuliko Undianoko etaparen irteera. MARTIN EARLY

Undianon jokatutako hirugarren etapan bigarren sailkatu zen Quesos Albeniz taldeko txirrindulari altsasuarra, Unai Ramos tuterarraren atzetik

Uztailaren 24an, astelehenarekin, juniorren mailako Iruñerriko Itzuliko hirugarren etapa jokatu zen, Itzuliko etapa nagusia, Undianon hasi eta despeditu zena. Haizeak tropela hainbat taldetan sakabanatu zuen, eta azkenean bost txirrindulariz osatutako taldetxo batek hartu zuen aurrea. Bertan zegoen Sakana Group-Alea taldeko Adrian Martinez lakuntzarra, baina ihesaldiak ez zuen fruiturik izan. Helmugarako 12 kilometroren faltan Unai Ramos tuterarrak (Villaves) erasoa jo eta bakar bakarrik iritsi zen Undiakoko helmugara (2:52:47). Iker Gomez altsasuarra (Quesos Albeniz) 9 segundora sartu zen, bigarren. Beraz, Gomezek bigarren etapan lortutako txirrindulari nafar onenaren maillot gorria galdu zuen, Ramosen eskutan. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Adrian Martinez 19. sartu zen, 2:26ra; Mikel Regil (Sakana G.-Alea) 25., 2:57ra; Asier Etxeberria (Q. Albeniz) 63., 3:13ra; Iker Agudelo (Q. Albeniz) 87., 7:46ra; Oier Ruiz de Arkaute (Sakana G.-Alea) 89., 7:46ra eta Manex Zufiaurre (Sakana G.-Alea) 102., 9:10era. 

Undianoko etapak eragin zuzena izan zuen Iruñerriko Itzuliko sailkapen nagusian, itzuliak lider berria baitu, Aimar Alarcia (Iruki-Donostialdea). Hala ere, sailkapena oso estua dago. Esaterako, orain arteko liderra zena, Gari Ugarte (Goierri), laugarren da, 7 segundora. Nafarrei dagokienez, Unai Ramos tuterarra bosgarren da sailkapen orokorrean, liderretik 20 segundora, eta Iker Gomez altsasuarra seigarren, 28 segundora. 

Iruñeak erabakiko du
Iruñerriko Itzulia uztailaren 25ean, asteartearekin, 11:00etan Iruñean hasi eta despedituko den azken etapak erabakiko du. Iruñeko udaletxe parean hasiko da etapa, eta Zaldi Zurian despedituko da (113 km). Etapa nahiko laua da, Orendaingo igoera izan ezik.