Rantxerak berrasmatzen

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko uzt. 25a, 13:53

Chuchin Ibañez musikaria kontzertu batean. UTZITAKOA

Chuchin Ibañez musikariak 30 urte daramatza mexikar doinuak zabaltzen. Festetan eta ospakizunetan rantxeretarako "beti" tokia dagoela esan du mariatxiak.

Euskal Herriko festetan eta ospakizunetan orokorrean, eta Nafarroakoetan bereziki, badago musika estilo batenganako joera: rantxerak eta mexikarrak. Ez dago festa egitaraurik mexikar estiloko talderik gabe Sakanan. Guztira, Nafarroan rantxera eta mexikar musika estiloko 30 bat talde eta musikari daudela esan du Chuchin Ibañez Miranda Argan jaiotako mariatxiak. Ibarra oso ongi ezagutzen du abeslariak, eta uztailaren 21ean, ostirala, Ziordiko Etxaleku tabernan Show Planet Rantxerock ikuskizuna eman zuen eta uztailaren 23an, igandea, Bakaikuko festen baitan Garibaldi Band taldearekin kontzertua eman zuen. Irurtzunen, Olaztin, Etxarri Aranatz eta abarren aritu izan da ere. 

Chuchin Ibañezek lehenengo mexikar abeslari jantzia zazpi urterekin jaso zuen opari, eta ordutik horrela igotzen zen eszenatokira. "Nire gurasoek festa areto bat zuten eta 1970ko eta 1980ko hamarkadetan berbenak antolatzen zituzten eta orkestrak etortzen ziren. Horietako bat Duo Gala izan zen". Garai horretan Duo Gala estatu espainiarreko rantxeren talde esanguratsuenetariko bat zen. "Ni oso txikia nintzen, baina ahal nuenean eszenatokietara igotzen nintzen: eskolako ikuskizunean, festetan...". Duo Galako kide batek oholtzaren gainean ikusi eta telebistara eraman zuen Chuchin Ibañez. "Hueskan beste haur bat zegoen nire antzeko dohainekin; biak elkartu eta Duo Gala Junior taldea sortu zuten". 1978tik 1984ra Duo Gala talde nagusiarekin jotzen aritu ziren. 

"Baina gero bizitzaren gauzak: futbola asko gustatzen zitzaidan eta musika utzi nuen futbolean aritzeko". Hamasei urtez "ezer ez" abestu gabe egon zen Ibañez, eta futbolean Espainiako selekzioarekin jokatzera iritsi zen. "Baina lesio bat izan nuen eta utzi behar izan nuen". Ez zuen futbola guztiz utzi, eta herrian Castillo Futbol Clubeko eskolan entrenatzen hasi zen. "Bertako koordinatzaile batek esan zidan abesten nuenez ea zergatik ez nuen kluberako dirua lortzeko disko bat kaleratzen". 1999an grabatu zuen, eta horrela hasi zen Chuchin Ibañez rantxera abeslariaren bigarren etapa. 

Aro berria 
Bigarren etapa beste modu batera planteatu zuela azaldu du Ibañezek: "Banekien ez nuela lehenengoan lortutakoa errepikatuko; besteak beste, jende oso ospetsurekin abestu izan genuen". Momentu horretan komertziala zen eta futbol taldea laguntzeko diskoa oso arrakastatsua izan zen. "Emanaldiak egiteko deitzen hasi ninduten, baina ez neukan ez bandarik ez ezer". Denbora tarte batez musika eta lana uztartzen jarraitu zuen, eta zerbait "klasikoagoa" jotzen zuen, baina 2001. urtean Kojon Prieto y los Huajolotes taldea banatu ondoren sortutako Los Chihuahuas taldean sartu zen. "Naparmex egiten genuen, gaur egun Los Zopilotes egiten dutenaren antzeko zerbait. Gaueko eta parrandarako talde bat zen". Garai horretan "gazteago" zen eta "parrandak" gehiago deitzen zuen. "Herri batera jotzera joaten ginen eta parrandan hiru pasatzen genuen". Baina denborarekin uztea erabaki zuen. Mexikar musika oinarri, hainbat formaziotan egon da Chuchin Ibañez, pandemia iritsi arte. "Pandemiak min handia egin zigun".

Pandemiaren ondoren bakarrik jartzea erabaki zuen Ibañezek: "Jendeak betiko Chuchin kontratatzen du, eta ni egoerara egokitzen naiz. Esaterako, Ziordiko kontzertua Rock Castillo deitutako Mexikoko musikari batekin aritu nintzen eta Show Planet Rantxerock deitutako emanaldia egin genuen, eta Bakaikun Garibaldi Taldearekin klasikoagoa eta mitikoagoa izan zen, euskal abestien bertsioak ahaztu gabe". Espektro "arraro bat" betetzen duela azaldu du Ibañezek: "Musikari bakarra naiz eta eskaerara egokitzen naiz. Ni bakarrik abestetik taberna txiki batean eszenatoki handi batean zazpi musikarirekin abestera irits naiteke". Eskaintza handi bat ematen du, jendeak nahiago duena aukeratu ahal izateko. "Programa ofizialetatik asko ateratzen naiz, eta taberna zirkuituak egiten ditut. Horrek denboraldi altuan, udan, ez ezik, neguan ere musikaz bizitzeak ahalbidetzen dit". Berrasmakuntzaren boterea aipatu du musikariak. 

Txarangekin, gaitekin, bandarekin... "Chuchin Ibañez markaren barruan proiektu asko daude; orain Garibaldi Taldearekin bira egiten ari naiz, gure banda dena, eta hiru musikarietatik zazpira joan gaitezke. Bestetik, Show Planet Rantxrock delakoa dago ere...". Beste saio batzuetan bakarrizketak eta umorea musikarekin uztartzen du Ibañezek, eta Nerea Arrozperekin, Gorka Aginagalderekin eta abarrekin emanaldiak egin ditu ere. 

Marka

"Oinarrian Chuchin Ibañez dago, eta gero gehigarriak ditut ere"

"Chuchin Ibañez betiko rantxerak egiten dituen abeslaria da, eta originaltasunaren bila beste gehigarri gehiago sartzen ditut". Los Secretos, Mana, Skap, Amparanoia, Kojon Prieto y los Huajolotes, Huntza, Alaitz eta Maider eta abarren taldeen bertsioak egiten ditu Chuchin Ibañezek haren emanaldietan, egoeraren arabera. 30 urteko ibilbidea du oinarrian mexikar musika egiten, "eta Chuchin gustatzen ez zaionari berdin dio zer formatuta joaten naizen ez nauela kontratatuko. Gustatzen zaionari ere, berdin zaio nola joaten naizen". Taberna txiki batean "San Migel garagardoen kutxa baten gainean" kontzertuak ematetik Fito Cabralesekin, Aurora Beltranekin eta abarrekin kolaborazioak egitera pasatzen da musikaria, eta rantxerendako "beti" dagoela tokia aldarrikatu du. Taldeen artean harreman ona dutela esan du ere musikariak.