Txirrindularitza

Arrieta eta Etxeberria txukun Ordiziako Klasikoan

Guaixe 2023ko uzt. 26a, 11:30
Josu Etxeberria, ihesaldian. RURAL KUTXA-SEGUROS RGA

Txirrindulari uharte arakildarrak sentsazio onak berreskuratu zituen eta iturmendiarra eguneko ihesaldian sartu zen

Uztailaren 25ean, asteartea, Ordiziako Klasikoa jokatu zen (165,9 km). Profesionalen mailako lasterketa ezagunak 100. edizioa ospatu zuen eta hasierako txanpan euria eta hotza izan ziren protagonista. Lasterketa mugitua izan zen, ihesaldiekin. 

UAE taldeko Juan Ayuso zen lasterketa irabazteko faboritoetako bat, eta UAEk tropela lanean jarri zuen, abiadura gogortuz. Horrela, ihesaldiak zapuztu zituzten. Azken txanpan Juan Ayusok eta Oier Lazkanok (Movistar Team) etapa garaipenagatik borrokatu zuten, baina azken kilometroan erorikoa izan zuten biek, sinestezina bada ere, eta atzetik zetorren Marc Hirschik (UAE) lortu zuen garaipena (3:49:34). Ben Healy (EF-EasyPost) bigarren sartu zen, 3 segundora, Juan Ayuso hirugarren, 24 segundora, eta Oier Lazkano laugarren, 25 segundora. 

Izan zuen erorikoaren ondotik Igor Arrieta txirrindulari uhartearra bueltan da eta 22. iritsi zen Ordiziko helmugara, 32 segundora. Josu Etxeberria iturmendiarra (Rural Kutxa-Seguros RGA) eguneko ihesaldiko protagonistetako bat izan zen, baina azkenean 98. sailkatu zen, 11:29ra. Bere taldekide Edu Pradesen seigarren postuarengatik oso kontentu zeuden Rural Kutxa-Seguros RGAn.