Ekintzaileek dozena bat enpresa sortu dituzte

Guaixe 2023ko abu. 2a, 09:02

Autoenpleguari buruzko azalpenak ematen institutuko ikasleei. UTZITAKOA

Urteko lehen seihilekoan izan da, eta haien sorreraren atzean hamazazpi pertsona daude; Cederna-Garalurren ekintzaileei lagundu eta aholkularitza emateko zerbitzuaren laguntza izan dutenak.

Cederna-Garalur da Sakanan ekintzaileei laguntza eta aholkua emateaz arduratzen dena. Eskaintza hori Nafar Lansarek kofinantzatutako Nafarroa Ekintzailea sareak ekintzailetza sustatzeko zerbitzuaren baitakoa da. Garalurren Ekintzailetzari Laguntzeko Zerbitzuan 31 ekintzaile hartu dituzte aurtengo lehen sei hilabeteetan, hamazazpi emakumezko eta hamalau gizonezko. Zerbitzuaren jardunaren ondorioz, dozena bat enpresa martxan jarri dira eta hamazazpi lanpostu sortu dira. Enpresen izaera juridikoari dagokionez, bat sozietate mugatu gisa eratu da eta gainontzekoak autonomo edo sozietate irregular gisa. 

Garalurrek ekintzaileak laguntzeaz aparte, martxan dauden enpresei ere laguntza eta aholkularitza ematen dizkie. Hala, Garalurren Sakanako Ekintzailetzari Laguntzeko Zerbitzura jo zuten bi urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten hamaika enpresetako arduradunek (zazpi emakumezko eta lau gizonezkok), eta bi urte baino gehiagoko antzinatasuna duten lauk (hiru emakumezkok eta gizonezko bat). Bestetik, ekintzaile eta autonomoei zuzendutako bederatzi tutorial telematiko eskaini ditu. 

Bestetik, Garalurrek ekintzailetza-esperientziei buruzko tailer bat antolatu eta eman zuen Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Horrekin batera, eskualdeko ekintzailetza-esperientziak zabaltzen eta dinamizatzen lagundu du, baita beste erakunde batzuek (esaterako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak) ekintzailetzarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartu ere. Gainera,  ekintzaileei eta autonomoei zuzendutako hamar tutorial eman ditu, guztiak ere kolektibo horiendako interesgarriak diren hainbat gairi buruz: Zer da ziurtagiri digitala, zertarako balio du eta nola lortu, Antolatu zure paperak Ogasunarekin betetzeko eta Nola egin zure izapideak Ogasunarekin online, ziurtagiri digitalarekin eta fakturen diseinuarekin.

Harremanetarako
Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan, dauka egoitza Garalurrek. Astegunetan 08:00etatik 15:20ra pasa daiteke egoitzatik. Harremanetan jartzeko 639 900 336 (Susana) edo 619 328 264 (Oskia) telefonoetara hots egin edo sakana.admon@cederna.es edo sakana@cederna.es e-postetara idatz daiteke.