Larraza Mankomunitateko lehendakari berria

Guaixe 2023ko uzt. 28a, 08:45

Batzarkideak botoa ematen.

Orain arte ardura izan duen David Oroz Alonsori hartu dio lekukoa. Sakana ekialdeko aurreneko presidentea da. 

Udal hauteskundeak eginda, udalez gaindiko erakundeak eratzeko batzarrak egiten ari dira batean eta bestean. Sakanako Mankomunitatea da horietako bat. Legegintzaldi berriko aurreneko batzarra atzo arratsaldean egin zen eta bertan Aitor Larraza Carrera irurtzundarra aukeratu zuten presidente. Bilkuran hogeita bederatzi batzarkideetatik hogei izan ziren, eta Larrazak aldeko hamasei boto jaso zituen, EH Bilduko hamabost eta independente bat, eta lau abstentzio izan ziren, Geroa Bairena. Bozketa egiteko adin mahaia Mari Carmen Viana Murgak eta Amets Flores Gartziandiak osatu zuten. 

Bitxikeriak 
Ergoienako eta Iturmendiko alkateak izan ezik, ibarreko gainontzeko hamahiru udalerrietako alkateak Mank-eko batzarkideak dira. Gainera, 29 udal ordezkarietatik hamasei aurreko legegintzaldian ere Mank-en lanean aritu ziren: Oihana Olaberria Jaka, Aitor Larraza Carrera, Ana Balda San Juan, Txomin Uharte Baleztena, Gorka Ovejero Ganboa, Francisco Javier Razkin Flores, Maria Saez de Albeniz Bregaña, Egoitz Urritza Lazkoz, David Oroz Alonso, Javier Ollo Martinez, Manuel Berjera Ijurko, Julen Diaz Oiarbide, Mª Carmen Viana Murga, Jokin Zelaia Oiarbide, Joseba Vizuete Askargorta eta Olatz Irizar Martinez. Gainontzeko hamahiru batzarkideak eginkizun horretan berriak dira. Azkenik, Iturmendiko ordezkaria batzarrean behin-behinean dago; izan ere, herrian ez zen udal hauteskunderik egin hautagaitzarik aurkeztu ez zelako. Bigarren deialdia udazkenean eginen da.