Viktoria Krumova

"Aurkikuntza guztiz zoragarria izan da"

Guaixe 2023ko abu. 4a, 14:02

Viktoria Krumova Dimitrova ikuspegi ederra eskaintzen dion talaian.

Bulgarian jaiotako unanuarra, Viktoria Krumova Dimitrova, ikuspegi eta inguruarekin maitemindu zen.

Hiru mila kilometro pasara du sorlekua Viktoria Krumova Dimitrovak, Bulgarian. Azaldu duenez, Bulgariak Errioxa eta Nafarroa adinako lur eremu du, "ez gehiago; txikia da, baina oso koloretsua da". Krumovak gaineratu duenez, "probintzien artean alde handia dago. Hizkuntza desberdin ahoskatzen da batean eta bestean; hainbesteraino da, non beste puntako batekin ezin duzun elkar ulertu". 

Bulgariako Kustendil hiriaren eta Barakovo herrien artean hazi zen. "Ama azken horretakoa zen, eta aita aurrenekokoa. Hiria Iruñea baino txikiagoa da. Eta, askotan pentsatzen dut, herriak, neurri batean, Unanuren antza duela; nolabait esatearren: autentikoagoa, basatiagoa da. Sorlekuko herriaren inguruan ere mendiak daude. Askotan pentsatzen dut Barakovon nagoela, benetan! Unanuarrei aldiren batean esan izan diet". 

Bere etxea hemen dago. Bizitza erdia baino gehiago Nafarroan eman du Krumovak: 21 urterekin etorri zen eta egun 44 ditu. "Horregatik, bertakotzat dut nire burua. Baina ez. Bulgariartzat ere jotzen dut neure burua, baina ez. Nongoa naizen galdetzen didatenean askotan erantzutea kostatzen zait, ez baitakit nongoa naizen. Alde guztietakoa naiz, eta inongoa ez". 

Krumovak Unanun bizitzen bi urte daramatza. "Kasualitate hutsa izan zen. Emaztearekin batera, orduko gure finantza ahalmen eskasetarako egokia zen etxe baten bila genbiltzan. Ez genuen Iruñetik urrun egon nahi, seme nagusiaren zaintza partekatua dudalako emazte ohiarekin". Egungo bikotekidearekin beste seme bat du. "Iragarkia ikusi genuen. Egia da eskualde hau ez genuela ezertarako ezagutzen. Lizarraldea asko gustatzen zitzaigunez, hara jotzen genuen bilaketan". Etxea ikusteko GPSa jarri behar izan zuten. Baina tresnak Ergoiena adierazten zien, eta haiek Unanu bilatzen zuten.  Etxejabeari hots egin behar izan zioten, gogoratu du barrez. "Etxea kanpotik ikusi genuen, ez da oso harrigarria. Baina kokapenak eta ikuspegiak maitemindu gintuen. Etxea barrutik ikusi gabe seinalea eman genuen". Bi urte horietan etxean ahal izan duten guztia konpondu dute, eta behar dutena ematen die. 

Lanbidea
Krumova jostuna da. Hori da bere lanbidea. "Jostea, sormen proiektua garatzea maite dut. Iruñeko ia jostun guztiekin lan egin dut". Unanun noizbait espazioa egokitu bitartean, joste tailerra Iruñean du, horretan lanean eta enkarguak hartzen segitzen du. "Ez ditut enkargu guztiak hartzen, egun guztia lan egin ondoren ez baitut beti gogoko Iruñera joatea, baina egiten dut". 

Izan ere, gaur egun herriz herri ogia banatzen lan egiten du. "Zorte handia izan zen lana opatzea. Ez nuen uste etxetik gertu ezer opatuko nuenik. Jostun izatetik guztiz desberdina da, baina asko merezi dit". Gaineratu duenez, "horrek ingurua ezagutzeko aukera eman zidan eta maitemintzearen pareko zerbait sentitu nuen. Etengabe begiratzen: zein polita den hori, hura eta bestea, eta eguzki argitan, eta ilunpetan. Eta elurrarekin! Eta udazkena, eder-ederra. Eta erlainoa sartzen denean... Ipuinetakoa dirudi. Inguru zoragarria da". Horregatik harritzen da Krumova: "ez dakit nolaz ez dugun aurretik ezagutu. Iruñean 20 urte eman ditut, eta ez naiz preseski geldi egon. Aurkikuntza guztiz zoragarria izan da".

Unanutik kanpo, Dorraorako bidearen bazterrean dagoen aulki batera eraman gaitu. "Herritik bere ingurua, natura, mendiak, ikuspegiak gustatzen zaizkit. Inguru honetan paseatzea atsegin dut. Horrek mugitzeko aukera ematen dit, premia dut eta on egiten dit. Inguruak horretara gonbidatzen du", aitortu du. Bidean doala loreak hartzea oso gogoko du, mahai gaineko loreontzian jartzen dituenak. "Ez dugu baloratzen, baina, hori miragarria da. Paseatzen dudan bakoitzean hartzen ditut loreak". Aulkian ere esertzen da. "Dagoen berde hau beste kolore batekoa izan daiteke ere, baina beti zoragarria da. Niri maila askotan laguntzen dit; ihes egiten, erlaxatzen... Batzuetan lagunen batekin paseatzen dut, edo emaztearekin paseatzen dut. Baina gutxiago, txandakatu behar izaten gara, batek umeekin egon behar baitu; 12 eta 3 urte dituzte". Zaharrenak Iruñean ikasten segitzen du, baina Unanun lagunak ditu, eta pozik dago. Elkarrizketa bitartean futbolean ari ziren.