Otsaportilloko lezeko ekitaldia Etxarri Aranazko Udala eta errepresaliatuen senideak antolatzen hasi ziren 1980an. Hitzarmen baten ondorioz, 2017az geroztik ekitaldia Sakanako udalek antolatzen dute. Aurten Bakaiku eta Iturmendi izan dira antolatzaileak, eta haien izenean ekitaldian alkateek, Egoitz Urritza Lazkoz eta Imanol Arbizu Perpiña izan ziren hitza hartu zutenak. Ziurtatu zutenez, "lezea basakeria frankistaren salaketa eta giza eskubideen defentsaren adibide garbienetako bat bihurtu da. Gure presentzia eta parte hartze aktiboak, bizitza bidegabeki kendu zitzaien haiek omentzen ditu. Eta, bide batez, memoria tokia sendotzen du; haien memoria, gure memoria". Nabarmendu zutenez, Otsaportillo bezalako tokiak "oroimeneko lekuak dira, baina baita identitate eta balio demokratikoen transmisiokoak ere".
Bi alkateek gogorarazi zutenez, "hainbat botere, memoria selektibo bat egiten eta lantzen ahalegindu dira, beren iraunkortasun eta kontrol interesen arabera", horrekin, "memoria ofizial iraunkorra sortzeko". Urritzak eta Arbizuk azaldu zutenez, "gure kasuan, hainbat hamarkadatan, hildakoak eta haien familiak ezabatu egin dira oroitzapen ofizialetik". Hala ere, "talde minorizatu edo errepresaliatuek ofizialaz bestelako kontakizun bat eraiki" zutela azpimarratu zuten, "isiltasunaren alternatiba bat".
Bi alkateek esan zutenez, "1936ko Nafarroako errepresaliatuekiko sentsibilitate politiko falta, gobernuaren eta udalen inplikazioak soilik hautsi du azken urteotan. Udalondako ohore handia izan da ekitaldia antolatzea eta esker ona eta mirespena adierazi nahi dizkizuegu, hainbeste denboran zehar, gizartearen sektore zabal baten gaitzespenaren aurrean, justizia eskariari eutsi diozuen familiei". Azaldu zutenez, "memoria nozio politiko eta sinbolikoa da. Kolektibitate batek gogoratu beharko lituzkeen eta bere nortasuna osatzen laguntzen duten gertakariei lotuta, bizikidetza eta errespetu balioetan oinarrituta".
Bestalde, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo Hualdek esan zuenez, "oso gertuko eskualde askotan olatu inboluzionista finkatzen ari den honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da gaur hemen egotea, biktimei laguntzen eta, batez ere, urteetan lurrez eta harriz estalita egon den memoria hori aldarrikatzen". Gaineratu zuenez, gobernuak "oraindik desagertuta jarraitzen duten ia 1.000 pertsona horiek ateratzeko, identifikatzeko eta familiei bueltatzeko ahaleginean" segituko du. Horregatik, desagertuen senideei DNA laginak emateko eskatu zien.