Euskara ikastea, aukera erakargarria

Guaixe 2023ko ira. 13a, 09:01

Toki erakunde, Nafarroako Gobernuko eta euskaltegietako ordezkariak kanpainaren aurkezpenean. NAFARROAKO GOBERNUA

Bizipen berriak eman eta aukerak zabalduko dizkio euskara ikasten duenari. Euskara ikastaroetan izena emateko epea irekitzearekin batera, Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eta euskaltegiek 'Euskara ahora' kanpaina zabaldu dute.

Hala nahi dutenek beraien buruak euskalduntzeko aukera dute. Euskaltegiek ateak irekiak dituzte dagoeneko eta matrikulazio aldia zabalik dago. Ikastaroak aurrez aurrekoak, estentsiboak, trinkoak edo online izan daitezke. Interesa dutenei informazioa emateko ondoko webgunea gaitu da: www.euskaraikasi.nafarroa.eus / www.aprendeeuskera.navarra.es. Bertan, Nafarroan euskara ikasteko ikastegi publikoei eta gizarte ekimeneko euskaltegiei buruzko informazio osoa, bai eta ikaskuntzarako laguntzak eta laguntza horiek eskaintzen dituzten herrien zerrenda ere agertzen da. Bestetik, elaide.eus webguneak euskara ikasteko informazioa eta baliabideak eskaintzen ditu. Azkenik, irailean, 012 telefono bidezko arreta zerbitzuak eskaintzei eta laguntza horiei buruzko informazioa emango du, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara.

Euskara ikastera animatzeko Euskera ahora kanpaina antolatu dute Euskarabideak, 33 toki entitatek, Sakanako Mankomunitatea barne, eta arloko hainbat eragilerekin batera. Javier Arakama Urtiaga Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez, "kanpainaren helburu nagusia euskaraz ez dakiten nafarrak, gazteak batik bat, euskaraz ikastera bultzatzea da. Euskara ikastera animatuz gero, euskaltegietan irakasleen eta taldekideen laguntzaz, urratsez urrats, aurrera eginen dute abentura horretan". Era berean, zuzendariak nabarmendu duenez: “batzuendako euskara mundu berria izango da; beste batzuendako, berriz, ez, euskararekin lehen harremana eskolako urteetan izan baitzuten, haurretan, eta orain ikaste horretan sakondu nahi dute”. 

Euskarazko irakaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko asmoz, herritarrek hizkuntza hori jakiteko duten eskubidearekin, Nafarroako Gobernuak handitu egin ditu helduendako banakako laguntzetara bideratutako kopuruak, bai eta euskaltegientzako laguntzen deialdiarenak ere. Ikastaroetan matrikulatzen direnek 380 euro bitarteko dirulaguntzak lortu ahal izango dituzte, eta, gainera, laguntza horiek bateragarriak dira toki entitateek ematen dituztenekin.

Tokikoen ekarpena
Tokiko erakundeen izenean, Atarrabiako alkate Mikel Oteiza Izak nabarmendu duenez: "udalek, mankomunitateek eta batzar nagusiek koordinatuta lan egiten dute euskararen normalizazioaren eta erabileraren sustapenaren alde, euskara-zerbitzuen bitartez". Azaldu duenez, "normalizazio horren helburu estrategikoetako bat da euskara dakiten nafarrak gero eta gehiago izatea, eta, horretarako, helduen artean euskararen ikaskuntza bultzatzea". Gogorarazi du toki erakundeak duela bi hamarkada baino gehiagotik matrikulazio-kanpainak egiten dituztela, eta dirulaguntzak eskaintzen dituzte euskara ikastera animatzeko eta doakotasunean aurrera egiteko.

Era berean, Oteizak toki entitateetako euskara zerbitzuek elaide.eus webgunea dutela gogorarazi du, "euskara ikasi eta hobeto ezagutu nahi dutenendako, baita euskaraz bizi nahi dutenendako tresna. Bertan, prozesu horietan murgilduta daudenei informazioa eta baliabide baliagarriak eskaintzen zaizkie". Alkateak guztiak gonbidatu ditu, "bereziki gazteria, euskararen partida jokatzeko erronkari aurre egitera". Izan ere, "beste pertsona batzuekin batera, taldean, euskaltegiaren esperientziak mundu liluragarri batean murgiltzea ahalbidetzen du".