Txirrindularitza

Vuelta bitan sartuko da Sakanan

Guaixe 2023ko ira. 8a, 10:01

Vuelta 2020an Urbasatik Sakanara sartzen. CHARLY LOPEZ

Irailaren 10ean, igandea, Lizarragako portutik iritsiko da txirrindularitza proba. Etxarri Aranatzera jaitsi, eta Etxeberritik Zuarrarrate igoko du. Geroago, Irurtzunera sartuko da atzera ere Zuarrarrate igotzeko

Horrenbeste zeresan sortzen ari den Espainiako Vuelta Sakanatik pasako da aurten ere. Gaur, irailak 8, ostirala, Tourmaleten despeditutako etapa ikusgarriaren ondoren; bihar, irailak 9, larunbata, Sauveterre de Bèarnen hasi eta Larra-Belaguan despedituko da etapa. Igandean, irailak 10, Iruñetik abiatuta, Lekunberrin bukatuko da (158,5 km), Sakanatik pasa eta gero.

Lasterketa aurretik doan karabana 12:30ak aldera abiatuko da igandean Iruñetik eta txirrindulariak, aldiz, 13:20ean. Sakanara Andiatik sartuko da Vuelta, hirugarren mailako Lizarragako portutik, 15:27ak aldera. Lizarragatik 15:39ean pasako dela aurreikusten da, eta Etxarri Aranaztik 15:44an. Arbizu, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Ihabar eta Etxarren gaindituta, Etxeberritik 2. mailako Zuarrarrate portua igotzen 15:22 aldera hasiko dira, Astizko bidea hartuz. Txirrindulariek bitan igoko dute Zuarrarrate. Astiztik Alli, Lekunberri, Mugiro eta Latasa lotu ondoren, tropela Sakanara sartuko baita berriro, Irurtzunera, 16:05 aldera. Ondoren, atzera ere Zuazarrateko bidea hartuko du tropelak, zuzenean Lekunberriko helmugara jotzeko. Antolakuntzak aurten ez du lehen mailako San Migel portuko igoera ibilbidean sartu nahi izan, bezperako etapak oso gogorrak direlako eta etapa gehiegi ez gogortzearren.

Eguraldia lagun, Lizarragako portuan, Zuarrarraten eta Vueltako ibilbideko gainontzeko txokoetan jende andana espero da. Antolakuntzak segurtasun oharrak jarraitu eta ingurunea zaintzeko deia egin die zaleei. Vueltan Hiriberriko Imanol Erbiti txirrindularia da sakandar bakarra, bestelako teknikariak kontuan hartu gabe. Erbiti Enric Mas liderraren aldeko lan ordainezina egiten ari da. 

Gure ikurrak ateratzea eskatu dute
Gure Esku Dagok Basques Decide, Euskal Herriak erabaki 2023 kanpaina martxan jarrai du, eta Vueltak Euskal Herrian egiten duen ibilbidean barna kanpainaren leloko irudiak zabaldu eta Euskal Herriko ikurrak erakusteko deia egin die txirrindulazaleei. Baita Nafarroa Berriz Altxa kolektiboak ere.