Txirrindularitza

Bizikletak prestatu, data gorde eta izena eman

Guaixe 2023ko ira. 11a, 12:30

2022ko Sakanako Bizikleta Eguna.

Irailaren 24an, igandea, XXIX. Sakanako Bizikleta Eguna antolatu du Mankomunitateak. Irurtzunen hasi eta Lakuntzan geldialdia egin eta gero, Altsasura iritsiko da martxa. Irailaren 18a baino lehen izena eman behar da.

Udako oporren bueltan Sakanako Mankomunitateak antolatzen duen Sakanako Bizikleta Eguna udazkenari ongi etorria egiteko ekitaldia da, klasikoa bilakatu dena. Klasikoa, aurten XXIX. edizioa izango delako. Familiartean eta lagunartean Sakana ezagutzeko aukera paregabea da, udazken igande goizeko plan ederra. Aurtengo Bizikleta Eguna irailaren 24an, igandea, izanen da. Irurtzundik abiatuko da, 9:00etan, eta eguerdiko ordu bata aldera Altsasura heltzea da xedea, ibarreko herri eta txoko ederretan barna, 37 kilometroko ibilbidea osatuta. Ohikoa denez, hamaiketakoa egiteko geldialdia Lakuntzan eginen da, bide erdian.

Izena ematea
Ekimena dohainik da, baina aurretik izena eman beharra dago, Sakanako Mankomunitateak azpiegitura guztia behar bezala lotu behar baitu, parte hartzaileak eta bizikletak Ziordiraino eramateko autobusak eta kamioiak, Irurtzundik etxera bueltatzeko garraioa eta, garrantzitsuena, asegurua. "Bizikleta egunean parte hartzen duten pertsonendako asegurua kontratatzen dugu, eta horretarako parte hartuko dutenen izen-abizenak behar ditugu, zer gerta ere, babestuak egon daitezen. Bide batez, zenbat partaide egongo diren jakinda, autobusak, kamioiak eta beharrezko bestelako guztiak hobeki antolatuko ditugu. Beraz, izenik eman gabe ezin da parte hartu", azaldu du Mankomunitateko Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak. Izena ematea zabalik dago, doan, irailaren 18ra arte, Sakanako Mankomunitatean (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus), eta Sakanako kiroldegietan eta ikastetxeetan. 10 urtetik gorakoek eman dezakete izena; txikiagoek gurasoekin edo heldu baten zaintzapean parte hartu ahalko dute. 

Sakanako Bizikleta Eguna ibilaldi ez lehiakorra da. Sakanako Mankomunitatearekin batera, Sakanako txirrindularitza talde eta klubak dira antolatzaileak: Barranka Txirrindularitza Taldea, Aralar txirrindularitza kluba eta Burunda txirrindularitza kluba. Barrankako bikerrak ibilbidea gidatzen eta ixten egoten dira; ibilbidea zabaltzen duen autoaren ardura Aralar eta Burunda klubek dute, txandakatuz. Halaber, Berri Bikes eta Muruzabal txirrindularitza dendak ere antolakuntzan parte hartzen dute, egunean egon daitezkeen zulaketak eta bestelakoak konpontzen. 

Bizikleta prestatuta
Gerrikagoitiak bizikleta doitzeko deia egin die Sakanako Bizikleta Egunean parte hartuko duten guztiei. "Egunean laguntza teknikoa egoteak ez du esan nahi bizikleta nolanahi eraman behar denik; hamabost egun daude bizikletari errepasoa eman eta guztia ongi dagoela ziurtatzeko" eskatu du.