Pilota

Zabaleta eta Larrazabal, CaixaBank Mastersetik kanpo

Guaixe 2023ko ira. 11a, 11:31

Zabaleta ez zen Vianan ongi aritu. ARTXIBOA

Torneoko play-offetan erori ziren, Peña II.aren eta Rezustaren kontra galdu eta tantoaveragean tanto gutxiago izan eta gero

Asteburuan CaixaBank Masterseko play-offak jokatu ziren, finalerdietako hiru hautagai aukeratzeko. Ezkurdiak eta Mariezkurrenak finalerdietarako zuzenean sailkatzea lortu zuten, baina finalerdietako beste hiru bikoteak play-offetatik atera ziren. 

Play-offetan, irailaren 9an, larunbata, Larrazabalek eta Zabaletak Peña II.aren eta Rezustaren kontra 22 eta 15 galdu zuten. Ez zen Zabaletaren eguna izan, etxarrendarra ez zelako batere fin ibili. Bestalde, irailaren 10ean Altuna III.ak eta Imazek 18 eta 22 irabazi zieten Jakari eta Martijari. Horrela, Peña II.a-Rezusta eta Altuna III.a eta Imaz zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako. Tantoaveragea kontuan hartuta, Jakak eta Martijak 18 tanto egin zituztenez eta Larrazabalek eta Zabaletak 15 tanto, Jakak eta Martijak lortu zuten finalerdietarako jokoan zegoen laugarren postua. 

Finalerdiak, irailaren 29an
CaixaBank Masterseko finalerdiak irailaren 29an, ostiralarekin, jokatuko dira Nafarroa Arenan. Altuna III.ak eta Imazek Peña II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari, eta Ezkurdiak eta Mariezkurrena II.ak Jaka eta Martija. Bi biko irabazleek urriaren 1ean final handia jokatuko dute, Nafarroa Arenan.