Eskalada

Sakanan eskaladara modu seguruan hurbiltzeko

Guaixe 2023ko ira. 11a, 13:30

Eskalada ikastaroa. MANK

Sakanako Mankomunitateak eskalada hastapen ikastaroa antolatu du irailaren azken astebururako. Izena ematea zabalik dago

Mendiz inguratutako paraje zoragarrian bizi gara, eta eskalada da mendiek eskaintzen diguten kirol aukeretako bat. Ez da erraza norbera bere kabuz eskalatzen hastea, laguntza eta aholkularitza behar baita, beharrezkoak diren materialei, segurtasun ekipoei eta eskalatzeko teknikei buruz, besteak beste.

Horretarako, eskaladan hasi edo ezagutzak freskatu nahi dituztenendako hastapeneko eskalada ikastaroa antolatu du Sakanako Mankomunitateak. “Helburua haitzan eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea da” azaldu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Ikastaroa irailaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean izango da, eta teoria eta praktika uztartuko ditu. Irailaren 29an teoria azalpenak eskainiko dira Mank-eko Lakuntzako egoitzan, 18:00etatik 20:00etara, eta irailaren 30ean eta urriaren 1ean eskalada praktikak egingo dira Uharte Arakilen edo San Fauston (Eraul) 10:00etatik 18:00etara (bazkaria norberaren kontu). Monitorea eskaladan eskarmentu handia duen Ion Gurutz Lazkoz Martinez eskalatzailea eta ekipatzailea izango da. 12 urtetik aurrerakoek eman ahalko dute izena, eta prezioa 39 eurokoa da. Izena ematea zabalik dago Mank-eko kirol zerbitzuan irailaren 26ra arte edo lekuak agortu arte (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).