Aurreratuta, ziztu bizian eta ikuslez lepo pasatu zen Vuelta

Guaixe 2023ko ira. 11a, 13:57

Hiriberrin ongietorri beroa egin zioten Vueltan parte hartzen ari den Imanol Erbiti herrikideari.

Bero sapari aurre eginez, milaka pertsonak bete zuten Vueltako atzoko etapako ibilbide osoa. Iruñetik abiatu zen, Gotorlekutik, eta Lizarraldeatik barna ibili zen, Lizarragako portutik Sakanara heltzeko. Etapa oso mugitua izan zen hasieratik, etengabeko erasoekin, eta ziztu bizian jokatu zena. Horren isla, antolakuntzak zehaztutako denbora onenak baino ordu laurden lehenago sartu zen Sakanara. Lizarragako tunelean jende mordoxka zegoen Gure Eskuk eta Nafarroa Berriz Altxak eskatu moduan, Nafarroako eta Euskal Herriko ikurrekin. Lizarragan ere ongi etorri aldarrikatzailea egin zitzaion probari. Etxarri Aranatzen ikurrin erraldoia, Euskal Herriko armarria eta presoak etxeratzearen aldeko ikur handiak zituzten zain, Nafarroako banderekin batera. Telebistako zuzeneko saioan ez ziren ikur horiek guztiak ikusi. Halaber, Beriain puntan, baselizaren ondoan, ikurrin erraldoia jarri zuten. 

Erbitiren aldeko Hiriberriko festa
Arbizun, Lakuntzan, Uharte Arakilen, Irañetan, Ihabarren... bertako ikurrak eta animo oihuak izan ziren nagusi. Hiriberri izan zen herririk animatuena. Imanol Erbiti (Movistar Team) Hiriberrikoa denez, bere bizilagunen ongietorria ikusgarria izan zen: “Eskerrik asko,Imanol” zioen pankarta erraldoia, musika, dantzak, eta ikurrina eta Nafarroako bandera koloretsuak. Festak ospatzen ari zirenez, are alaiagoa izan zen harrera. 

Imanol Erbiti izan zen Iruñeko irteera ekitaldiko protagonistetako bat, bera baita Vueltan parte hartzen ari den txirrindulari nafar bakarra. Bera izan zen gehien txalotu zutena. Larunben ere lagun eta senitarteko kuadrilla ederra izan zuen zain, bera animatzeko prest.

.

Zuarrarrate, lepo
Vueltak Etxarrenetik aurrera egin zuen, Etxeberri parean Zuarrarrateko porturantz jotzeko. Ikusle mordoa zegoen bertan. Txirrindulariak bertatik bitan pasatu behar zirenez, are gehiago. Ibilbidean barna, aipatutako ikurrez gain, gasoduktuaren eta Abiadura Handiko Trenaren kontrako ikurrak ere ikusi ziren. Lasterketak aurrera egin zuen, eta Latasatik Irurtzunera sartu zen. Harrera beroa egin zitzaien bertan txirrindulariei. Atzera ere Zuarrarrate igo behar izan zuten, zaleen animo doinuez lagunduta, Lekunberriko helmugaraino jotzeko. Txirrindularitza festa eder eta aldarrikatzailea izan zen. 

Rui azeria
Lasterketari dagokienez, UAE taldea Jumboko tridentea estutzen saiatu zen hasieratik. Etengabeko erasoak izan ziren lasterketa oso mugituan, eta oso azkar joan zen lasterketa, antolakuntzak aurreikusitako denborarik onenak ia ordu laurdenean gaindituz. Uste baino gogorragoa izan zen etapa, erasoengatik. Bezperan Larra-Belaguan erakustaldia egin zuen Remco Evenepoelek (Soudal): eguneko ihesaldia sortu zuen, beste hamarren bat txirrindularirekin batera, eta bi minutu pasako aldea ateratzea lortu zuten. Talde horretan zegoen Rui Costa (Intermarché) beteranoa. Costak Zuarrarraten ez zuen erreleborik egin, indar guztiak azkeneko esprinterako utzi baitzituen. Horrela, txirrindulari beteranoak Lekunberriko helmugan gailentzea lortu zuen, Lennard Kämna (Bora) eta Santiago Buitrago (Baharain) txirrindularien aurretik. Imanol Erbiti 66. postuan sartu zen, 7:20ra. 

Sailkapen orokorrean, liderrek aurreikusi baino mugituagoa izan zen etapan euren postuak eustea lortu zuten: Sepp Kussek (Jumbo) jarraitzen du lider, 1:37ra bere taldekidea Primoz Roglic, eta 1:44ra bere beste taldekidea Jonas Vingegaard.