Hamargarren Bertako Azoka

Guaixe 2023ko ira. 12a, 09:11

2022ko IX. Irurtzun eta Arakilgo Bertako Azoka. ARTXIBOA

Irailaren 17an, igandea, Irurtzun eta Arakilgo Bertako Ganadu azoka izanen da, Irurtzunen, "elkarlanean, herri nekazaritza eraikiz". Aurretik, irailaren 15ean, ostirala, Nafarroako ardoen dastaketa egonen da, Itxasperrin.

Irurtzun eta Arakilgo Bertako Ganadu Azokaren "edizio berezia" ospatuko dute irailaren 17an, igandea, Irurtzunen, antolatzaileek azaldu bezala: urtez urte egonkortzen eta indartzen joan den azoka eredu baten urteurrena". Duela hamar urte azoka berreskuratu "eta eragile desberdinen parte hartzearekin eredu propia lantzen" hasi ziren Irurtzun eta Arakilgo Udalak, Belardi elkarteko nekazariak, Bidelagun Turismo Elkarteko eta Plazaola Patzuergoko ordezkariak, garapenerako eragileak eta artisauak. "Urtez urte azoka egonkortuz joan dela esan dezakegu, erreferente bilakatuz eta bere balioak gizarteratuz".

Hamargarren urteurrena izanen da, beraz, irailaren 17an, igandea, ospatuko dutena, "eta urte hauetako lanketa omenduko dugu". 10:00etatik 14:30era tokiko laborarien "kalitatezko eta ekoizpen agroekologikoko" produktuak dastatzeko aukera izanen da. Azokan Arbaso elkarteko artisauen postuak egonen dira ere. Irurtzungo frontoian Euskal Herriko hainbat ganadu arraza ikusteko eta ezagutzeko eremua egonen da: ardi latxa (muturgorri eta burubeltza), sasiardia, behi pirenaika eta betizuak, burgete eta jaka behorrak, euskal txerria eta astoa... Bitartean, trikitilari eta gaita joleek plaza eta frontoia girotuko dute, eta talogileak, erakusketa, haurrendako jokoak, animazioa eta abar egonen dira.

Irurtzun eta Arakilgo Bertako Azokaren barruan Nafarroako ardoen dastaketa antolatu dute irailaren 15ean, ostirala, 18:00etan, Itxasperri ermitan. Baztango Xuria, Bardea etxaldea eta Sada kooperatibako ardoak dastatzeko aukera izanen da, eta ardogileekin hitz egiteko tartea izanen da ere. Ondoren, bertako produktuekin mokadua egonen da. Aurretik izena eman behar da, irailaren 13ra arte, 948 500 101 telefonoan.

Irurtzun eta Arakilgo Bertako Ganadu Azoka

Irailak 15 ostirala
Itxasperri

18:00 Nafarroako ardoen dastaketa, Itxasperrin.

Irailak 17 igandea
Irurtzun

10:00 -14:30 Azoka, plazan: produktuak eta artisautza erosteko aukera eta abereen erakusketa.

Goizean zehar, haurrendako joko eta tailerrak, taloak, soka lantze tradizionala, forja artisauaren erakustaldia, tailer eta ofizioak, kale animazioa eta abar.

11:00 Artzai Txakur Hezte erakustaldia, Aritz Ganboa artzaiaren eskutik, frontoiaren atzealdean.

12:00 Artzai Gazta Dastaketa eta Herri Txapelketa parte hartzeko aukera. Tiketak: informazio puntuan.

15:00 Herri bazkaria, inguruko ekoizleen produktuekin osatutakoa, Pikuxar elkartean.Tiketak: Irurtzun eta Arakilgo udaletxeetan eta Pikuxarren, irailaren 14a baino lehen, 15 eurotan.

18:30 Bazkalostea, Arakil eta Irurtzun arteko Herri Kirol desafioak eta Harri Jasotzaileen Erakustaldiak.