Prestakuntza saioak, prest

Guaixe 2023ko ira. 18a, 08:54

Etxarriarrak plazako zabalgunean. ARTXIBOA

Doako saioak dira, baina aldez aurretik izena ematea gomendatu dute. Horretarako, Mankomunitateko Euskara Zerbitzura jo behar da, 'euskara1@sakana-mank.eus' e-postara idatziz edo 948 464 840 telefonora hots eginez. Izena hilaren 20ra arte eman daiteke. 

Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareak bi trebakuntza saio eskainiko ditu ibarrean. Saio horien helburua da soziolinguistikako oinarrizko kontzeptuak ezagutaraztea, besteak beste, hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza zer diren ulertu eta bereiztea. Horrekin batera, prestakuntza saio horiek balioko dute euskara zerbitzuen funtzioak zein diren jakiteko. Azkenik, euskararen inguruko araudiari buruzko oinarrizko informazioa ere emanen dute sareko kideek.

Prestakuntza saio horiek ibarreko udaletako eta euskara batzordeetako kideei  zuzenduta daude. Izan ere, "alkate batek edo edozein zinegotzik legegintzaldian hamaika erabaki hartuko ditu, eta askok hizkuntzarekin zerikusia izanen dute", azaldu du Sakanako Mankomunitateko euskara teknikari Castillo Suarez Garciak. Lan txandaren arabera, goizean edo arratsaldean joan ahal izateko bi saio antolatu dituzte; bi orduko iraupena dute. Aurreneko saioa hilaren 26an izanen da, asteartearekin, 09:00etatik 11:00etara. Atzena, berriz, hilaren 27an izanen da, asteazkenarekin, 17:00etatik 19:00etara. Saioak Sakanako Mankomunitateak Lakuntzan duen egoitzan izanen dira.