Unai eta Oihana

"Nekazaritza eredu bat ospatzen dugu"

Guaixe 2023ko ira. 15a, 12:00

Unai Razkin, Jone Etaio Belardi elkartekoa eta Oihana Olaberria azoka hartuko duen plaza atzean dutela.

Hamargarren edizioa du Irurtzun eta Arakilgo bertako ganadu azokak. Unai Razkin Iriarte eta Oihana Olaberria Jaka alkateek adierazi dutenez, "elkarlanean nekazaritza herrikoia eraikitzen" ari dira 

1. Hamar urte. Bidea egin du azokak?
Oihana. 10. urteurrena, eta indartsu gainera. Bide puska bat eginda dago. Azoka, nik uste, oso osasuntsu iritsi da 10. urteurrenera. Horrela jarraitu dezagun.

2. Zergatik hartu zen azoka antolatzeko pausoa?
Unai. Irurtzunen aspaldi azokak egiten ziren; Irurtzungo eta Arakilgo jende asko biltzen zen. Oso azoka indartsuak ziren. Gero, galdu egin ziren, eta berreskuratzeko beharra ikusi genuen. Batez ere, bertako aziendari eta bertan ekoitzitako elikagaiei balioa aitortzeko. Horregatik hasi ginen, eta sustraitu den ekimena bihurtu da. Elikatzen eta zaintzen gaituen nekazaritza eredu herrikoi eta jasangarria ospatzen da azokarekin. Balio horiek gizarteratzen dira. 

3. Oinarri bera izaten jarraitzen du?
O. Horrek ematen dio zentzua: bertako elikadurari, bertako arrazei eta bertako barietateei balioa aitortzea. Horretan gabiltza. Sakanan lan handia egiten ari gara, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu.

4. Zein da azokaren epizentroa?
U. Irurtzungo plazak hartuko du igandeko jarduna. Irurtzunen egiten da, baina Arakil ere hartzen du. Jende asko etortzen da. Arakilen abeltzain asko dago, eta horrelako tradizioa badago. Oso pozik gaude dagoen parte hartzearekin. 

5. Azokaren aurretik zerbait antolatzearen zale ere bazarete, ezta?
O. Bai, azkeneko urteetan horretan gabiltza. Polita da. Irurtzun zentro gisa mantentzen da. Beti Arakilek daukan pisuari ere balioa eman nahi diogu. Baina parte hartzea handiagoa da. Arakilek eta Irurtzunek elkarrekin parte hartzen dute, eta elkarrekin mantendu izan dute azoka hau. Eta Arakilen bertan beste gauza batzuk egitea, polita da. Azoka Arakilera eraman nahi horretan, Nafarroako ardoen dastaketa eginen dugu Itsasperrin gaur, ostirala, 18:00etan. Ardogileekin hizketaldia izanda, Baztango Xuria, Bardea etxaldea eta Sada kooperatibako ardoak dastatzeko aukera izanen da. Ondoren, bertako produktuekin otamen txikia egonen da. Izena emateko epa herenegun itxi zen. 

6. Zein da iganderako egitaraua? 
U. 10:00etan irekiko da azoka. Plazako frontoian bertako arrazetako abereen erakusketa izanen da: ardi latxa (arpeltza eta burugorria), sasiardia, Pirinioko behia, betizua, Auritz arrazako zaldiak, Nafarroako Jakak, euskal txerria, euskal astoa eta abar. Plazan ekoizpen agroekologikoa egiten duten hamabost ekoizleren azoka gardena egonen da: gazta, esnekiak, ogia, ardoa eta abar izanen da salgai. Lizarra kaleak, berriz, dozena bat artisauren postuak hartuko ditu. 

O. 11:00etan artzain txakurren hezte erakustaldia izanen da. Aritz Ganboak eginen du, plazako frontoiaren atzeko parkean. Bestalde, goizean zehar haurrendako jokoak eta tailerrak izanen dira. Bestalde, taloak dastatzeko aukera izanen da, edota garai batean sokak nola egiten ziren ikusteko, edo burdina nola lantzen den. Jakina, musikariak ez dute hutsik eginen. 

7. Gaztarekin lotutakorik ere izaten da, ezta?
U. Gazta dastaketa eta txapelketa herrikoia eginen da 12:00etan. Azokara etortzen den orok parte hartzeko aukera izanen du. Horretarako txartela informazio puntuan jaso behar da. Parte hartzaileen botoen arabera, gaztagile irabazleari saria emanen diogu. 

8. Bazkaltzeko garaia iristean, zer?
O. Bazkaria Pikuxarren eginen da, 15:00etan. Bertako produktuekin osatutako menua izanen da. 

9. Arratsalderako planik baduzue?
O. Zerbait berezia: bi udalerrien arteko herri kirol desafioa izanen da. Nik uste gauza polita dela, lehia txiki bat bi udalerrien artean. Giro polita egonen da plazan 18:30etik aurrera.

U. Horregatik, ez dugu asko bazkaldu beharko, gero kirola ongi egiteko. Erronkarekin batera, arratsaldean emakumezko harri jasotzaileen erakustaldia izanen da. 

10. Arakil eta Irurtzunen arteko erronka. Taldeak prestatzen ari dira?
U. Uste dugu gauza polita dela bi udalerrien arteko lehia sanoa egiteko eta bien arteko harremanak estutzeko. Beraz, arratsaldean badago zer ikusi. 

11. Erronka horretan zein probatan neurtuko duzue zuen burua?
O. Herri kiroletako bost proba dira. Lautan (trontza, zakuak eramatea, txingak eta koxkolak) udalerri bakoitzeko bikote bat ariko da, neska eta mutil bana. Horietan, beraz, udalerri bakoitzeko zortzi pertsona lehiatuko dira. Proba horien tartean sokatira tiraldiak egonen dira, hiru guztira. Zortzi tiralariz osatutako taldeak izanen dira. Beraz, udalerri bakoitzeko taldeetan gehienez hamasei jokalari izan beharko ditu talde bakoitzak, eta jokalariek errepikatzen badute, gutxienez, zortzi. Proben artean bertsolariak eta harri jasotzaileak lanean ariko dira.