Sakanako bertso eskolak hastear daude

Guaixe 2023ko ira. 19a, 10:41

Altsasuko bertso eskolaren 2022-2023 ikasturte amaierako bertso saioa. ARTXIBOA

Urriaren 9ko astean hasiera emanen diote bertso eskolen ikasturteari. Izena irailaren 30era arte eman daiteke, Nafarroako Bertsozale elkartearen webgunean. Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun izanen dira eskolak.

Nafarroako eta Sakanako Bertso Eskoletako ikasturtea urriaren 9ko astean hasiko da, eta irailaren 30 arte dago zabalik matrikulazioa, bertsozale.eus/nafarroa webgunean. Ikasturte osoko matrikularen prezioa 80 eurokoa da, eta, izena ematean, bertso ikasleek buff bat jasoko dute opari. Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta Altsasun izanen dira 20232034 ikasturteko bertso eskolak. Hasiberrien taldeak lau herritan izanen dira, eta batbateko talde bat izanen da Altsasun. Nafarroako Bertso Eskolak, Sakanakoak tartean, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Sakanako kasuan, Mankomunitateko Euskara zerbitzuaren laguntzarekin. 

Eskolak
Irurtzungo Hasiberrien taldea Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo maila tarteko ikasleendako bideratuta dago. Klaseak astelehenetan izanen dira, 17:00etatik 18:00etara, kultur etxean, eta irakaslea Aitor Irastortza izanen da. Lakuntzako hasiberrien taldean LHko laugarren mailako eta DBHko lehenengo maila tarteko ikasleek eman dezakete izena. Aurreratu dutenez, baina zehazteke oraindik, 18:30etik 19:30era izanen dira eskolak. Saats Karasatorre izanen da irakaslea. Bertsolari etxarriarra herriko bertso eskolako irakaslea izanen da ere, eta zehazteke badago ere, ostiraletan 17:30etik 18:30eran bilduko dira, Maisu-maistren etxean. Etxarri Aranazko hasiberrien taldean LHko bosgarren mailatik DBHko lehenengo mailara bitarteko ikasleek eman dezakete izena. 

Altsasuko bertso eskolan bi talde izanen dira: alde batetik, hasiberrien taldea LHko bosgarren mailatik DBHko hirugarren mailara arteko ikasleekin; eta, bestetik, batbateko taldea DBHko laugarren mailako eta batxilergoko ikasleek osatzen dutena. Altsasuko eskolan ere Karasatorre izanen da irakaslea. Hasiberrien taldea ostiraletan 16:00etatik 17:00etara bilduko da, eta batbateko taldea asteazkenetan 17:00etatik 18:00etara. Bi taldeek AEKren egoitzan izanen dituzte eskolak. 

Sakanako eta Nafarroako bertso eskoletako informazio gehiago lortzeko bideak: Bertsozale elkartearen webgunea eta nafarroa@bertsozale.eus eposta edo 948 143 747 telefonoa.

Jolasa
Karasatorrek aurreko ikasturtearen amaieran azaldu zuen haur eta gaztetxoak "doinuak ikasten eta neurriak probatzen" hasten direla bertso eskoletan. Bertsoa jolasen bidez ikasten dute: "Esanguratsua da pantailak eta erdal hizkuntzak erabiltzen dituzten umeendako interesgarriak izatea baliabide materialik behar ez duten euskarazko jolasak".

Bertsoa hitzaren "jolasa" da, eta jolasaren bidez, hain zuzen, oinarrizko ezagutzak bereganatzen dituzte haur eta gazteek: "Doinuak hartzen dituzte, euren ahotsa probatzen dute…" Hitzerako interes propioa dutela azaldu zuen bertsolariak, "errimatzeko gaitasuna eta irudimena" dutela eta bertso eskoletan horretan sakontzen dutela.

2022/2023 ikasturte amaieran izan ziren lehenengo aldiz Sakanan bertso eskolek antolatutako bertso saioak, Lakuntzan eta Altsasun. Ikasleek "ilusio handiarekin" antolatutako saioak izan ziren, eta haien agurraren ondoren zenbait bertsolarik parte hartu zuten. Bertso saioak antolatzea eta plazak ematea ziren helburuetako bi, Karasatorrek azaldu bezala. Hurrengo urteetan errepikatzeko asmoarekin sortu zituzten ikasturte amaierako bertso saioak. 


Lakuntzako bertso eskolaren ikasturte amaierako bertso emanaldia. ARTXIBOA

Txapelketa, martxan
Irailaren 16an 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa aurkeztuko zuten, Atarrabian. Agerraldi publikoa eta argazkia egin zituzten, kultur etxean, txapelketako hainbat parte hartzailerekin. Halaber, egun horretan jarriko dute martxan txapelketaren webgunea, eta saioetarako sarreren salmenta ireki dituzte.