Txirrindularitza

Zufiaurre eta Gomez, Tafallako Top 20an

Guaixe 2023ko ira. 19a, 10:00

Juniorrak eta bigarren urteko kadeteak, Lizarrako lasterketan. MARTIN EARLY

Irailaren 16an XVIII. Suministros Urvaca Trofeoa jokatu zen.

Irailaren 16an Tafallak juniorren eta kadeteen mailako XVIII. Suministros Urvaca Trofeoa hartu zuen, 100 km-ko lasterketa bizi eta lehiatua. 91 txirrindulari zeuden izena emanda eta horietatik 45ek lortu zuten proba bukatzea. 

Ziztu bizian jokatu zen lasterketa (batez besteko abiadura 41,532 km-koa izan zen), eta azkenean hirukote baten artean erabaki zen garaipena, esprintean. Ander Irazabal (Egurrola-Urdaibai) izan zen azkarrena, Josu Mugaren (Gastronomiabaska) eta Diego Galvanen (Huesca La Magia) aurretik. Hamabost txirrindulariz osatutako tropela 16 segundora sartu zen. Bertan zeuden Manex Zufiaurre (Sakana Group-Alea), hemeretzigarren, eta Iker Gomez (Quesos Albeniz), hogeigarren. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Agudelo (Quesos Albeniz) 23. iritsi zen; Mikel Regil (Sakana Group-Alea) 24.; Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 28.; Adrian Martinez (Sakana Group-Alea) 34.; eta Aritz Oiarbide (Sakana Group-Alea) 36. Ekaitz Perez lasterketako hirugarren kadetea izan zen. 

Denboraldiaren azken txanpan daude txirrindulariak. Irailaren 24an, igandea, XXVII. Indurain Anaiak Sari Nagusia jokatuko da Atarrabian, eta irailaren 30ean XLVIII. Atarrabiako Udalaren Saria, biak juniorren eta kadeteen mailakoak. Ondoren BTT eta ziklo-kros denboraldiak hasiko dira.