Futbola

Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek puntuak batuz ekin diote Erregionalari

Guaixe 2023ko ira. 19a, 10:35

Etxarri Aranatz futbol taldea 2022/2023. ARTXIBOA

Erregional mailako lehen jardunaldian Lagun Arteak garaipena lortu zuen eta Etxarri Aranatzek berdinketa

Irailaren 15ean hasi zen 2023/2024 Erregional mailako liga. Nahiz eta Preferentetik Erregionalera jaitsi, gogotsu ekin diote denboraldiari Lakuntzako Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek. 

Lagun Arteak Kirol Sport taldea hartu zuen Zelai Berrin. Talde gaztea eta eraberritua aurkeztu zuten lakuntzarrek, jubeniletatik igotako aurpegi berri askorekin. Atean, Adur Kanpo lakuntzarra, joan zen denboraldian ikasketa kontuengatik Murchanteko atezain izan eta gero, aurten herrian bueltan dagoena. Ilusioz jokatu zuen Lagun Arteak Orkoiengo Kirol Sporten kontra, eta partida hasi eta berehala, bosgarren minutuan, Gorka Hernandezen golarekin 1 eta 0 aurreratu zen Lagun Artea. Handik ordu erdira bigarrena sartu zuen Gorka Hernandezek, eta atsedenaldira 2 eta 0-ko aldearekin joan ziren. Bigarren zatian bi taldeen arteko lehia biziak jarraitu zuen, baina markagailuan ez zen aldaketarik egon, eta 3 puntuak Lakuntzan geratu ziren. 

Etxarri Aranatzek Barañaingo Lagunak B taldea hartu zuen San Donato futbol zelaian. 
Etxarriarrek ere talde polita zelairatu zuten, beterano batzuen ekarpen bikaina duen talde gaztea. Bi taldeak kontrako atea zulatzeko gogoz aritu ziren, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan eta husnako berdinketarekin despeditu zen partida. Denboraldiko lehen puntua bildu du Etxarrik. 

Sailkapen orokorrean, Erregional mailako laugarren multzoko liderra Mutilvera C taldea da (3 puntu). Lagun Artea hirugarren sailkatu da (3 puntu), eta Etxarri Aranatz zortzigarren (puntu 1). Asteburuan bigarren jardunaldia dago jokoan. Irailaren 23an, larunbata, 16:00etan, Beti Kozkor B taldea izango du aurkari Lagun Arteak Lekunberriko Plazaola futbol zelaian. Etxarri Aranatzek Zizurko El Pinar 1 zelaian jokatuko du irailaren 24an, igandea, 16:00etan, Zizurren kontra. 

Preferentean Altsasuk partida atzeratu zuen
Preferente mailan hirugarren jardunaldia jokatu da, baina festak zirela eta Altsasuk Ziraukiren kontra jokatu beharra zuen partida atzeratu egin zen. Partida urriaren 4an jokatuko da, 16:30ean. Laugarren jardunaldian, Altsasuk Gazte Berriak talde antsoaindarra hartuko du Dantzalekun, irailaren 23an, larunbata.