Pilota

Martija Adarragako borrokan sartuko da

Guaixe 2023ko ira. 20a, 10:15

Julen Martija eta Jokin Altuna, Altsasuko festetan jokatu zutenean.

Altunarekin bikotea osatuta, Larrazabal eta Imaz izango dituzte aurkari irailaren 20an. Aspeko bikoak joan zen urtean lortutako titulua defendatuko du

Aurrera doa Logroñoko Sanmateotako Binakako Torneoko hasierako ligaxka. 

Irailaren 15ean jokatutako lehen jardunaldian, Elordiren tokia bete zuen Ezkurdiak eta Rezustak 22 eta 20 irabazi zieten Jakari eta Albisuri. Alde handia hartu zuen Aspeko bikoteak, baina Jaka eta Albisu partidari buelta ematekotan egon ziren. Zorionez, Ezkurdiak eta Rezustak eustea lortu zuten, eta lehen puntua lortzea. 

Irailaren 17an erabakitako bigarren jardunaldian, Zabalak eta Zabaletak 22 eta 14 irabazi zieten Larrazabali eta Imazi. Zabaletak sufritu zuen, Altsasun bihurritutako hankaren oinazeak oraindik hor baitaude. Gainera, lentillekin ere arazoak izan zituen. “Ez nago nire onenean, argi dago, baina gaur igandea denez eta hurrengo partida ostiralean dudanez, tarte nahikoa dut masajeak hartzen jarraitzeko eta nire sasoia hobetzeko” azaldu zuen Etxarrengo pilotariak. 

Hirugarren jardunaldia irailaren 19an, asteartea, jokatu zen. Lehen jardunaldiko galtzaileak, Jakak eta Albisuk, txapelketari agur esan behar izan diote, Peña eta Mariezkurrenaren kontra jipoi ederra jaso eta 6 eta 22 galdu eta gero. 

Irailaren 20an, asteazkena, Jokin Altuna eta Julen Martija sartuko dira lehian. Joan zen urteko txapeldunak direnez, iaz lortutako titulua defendatuko dute. Bigarren jardunaldiko galtzaileak, Iker Larrazabal eta Ander Imaz, izango dituzte aurkari 19:15ean Adarragan hasiko den jaialdian. Altuna eta Martija dira faborito argiak, Larrazabalek eta Imazek sekulako sorpresa emango lukete irabaziz gero. 

Sanmateotako Binakako Torneoko hasierako ligaxka irilaren 22an itxiko da, ostirala, Altuna-Martija eta Zabala-Zabaletaren arteko partidarekin.