Pentsioak 1080 euro arte osatzeko eskatu dute

Guaixe 2023ko ira. 25a, 09:32

Herri ekimenaren aurkezpena. EUSKALERRIA IRRATIA

Nafarroako hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek foru gobernuari eskaera egin diote. Eskaera beharrezkoa dela ikusarazteko manifestazioa deitu dute azaroaren 11rako, larunbata, Baluartetik.

Pentsio sistema publiko batek zahartzaro duina bermatu behar duela sinesten dute. Horregatik, 1080 euro orain herri ekimeneko eragileek Nafarroako Gobernuari eskaera zehatza egin diote: konpromisoa har dezala, aurrekontuen bidez, 1.080 eurora iristen ez diren pentsioak osatzeko. Hau da, gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea hamalau ordainketatan. Jakinarazi dutenez, "gaur egun, Nafarroan, Gizarte Segurantzaren gutxieneko pentsioa 743 eurotik 1.080 euro arte osatzeak 32.000 pentsioduni eragingo lieke; horietako %66 emakumeak lirateke, eta kostua 60 milioi euro ingurukoa izango litzateke". Ziurtatu dutenez, "foru erakundeek eskumen juridiko eta legal nahikoak dituzte osagarri hori ezartzeko". Azaroaren 11n, larunbata, 12:30ean, manifestazioa deitu dute, Iruñeko Baluartetik.

Ziurtatu dutenez, erabaki hori hartzeak "gutxieneko pentsioa pobreziaren atalasearekin eguneratzeko bidean jarriko gintuzke, Europako Gutun Sozialak ezartzen dituen diru sarreren nahikotasun irizpideak betez. Pobrezia atalase horrek, beste faktore soziosanitario batzuekin batera, eragiten dio pertsonen osasunari zalantzarik gabe". 1080 euroko pentsioaren aldeko borroka errenta bermatua handitzeko eskariarekin lotu dute, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei gutxieneko diru sarrerak ziurtatzera bideratua. "Horrela, bazterketa arriskuan dauden pertsonei diru sarrera duinak ziurtatuko zaizkie bizitzako etapa guztietan, aberastasuna banatzen lagunduz".

Gaineratu dutenez, "egungo errealitate sozioekonomikoaren ondorioz, gizarteko sektore gero eta zabalagoek ez dute gutxieneko diru sarrerarik jasotzen duintasunez bizi ahal izateko". Eta nabarmendu dute pentsioetan "genero arrakala egia ukaezina" dela, "emakumeek bizitzan zehar egin dituzten ordaindu gabeko zaintza lanekin erabat lotuta dagoena".

Pentsio duinen aldeko herri ekimena honako eragileek abiarazi dute: CGT, COESPE Navarra, EHNE, EILAS, ELA, Ernai, ESK, LAB, Nafarroako mugimendu feminista, Nafarroako pentsiodunen mugimendua, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Oneka, Nafarroako Osasun Plataforma, Reas Navarra eta Sasoia. Herri ekimenera atxiki nahi duena ahora1080orain@ni.eus e-posta helbidearen bidez egin dezake.