Pilota

Ezkurdia eta Rezusta, sanmateotako finalera

Guaixe 2023ko ira. 22a, 09:42

Ezkurdia eta Rezusta, 2016an irabazle izan zirenean. ARTXIBOA

Peña eta Mariezkurrenari 22 eta 18 irabazi zieten, sufrituta. Beste finalista gaur, irailaren 22an aterako da

Irailaren 21ean, osteguna, Sanmateotako Binakako Torneoko ligaxkako A multzoko finalista zein izango den erabaki zen. Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak 22 eta 18 irabazi zieten Ander Peñari eta Jon Mariezkurrenari, eta aurretik Jakari eta Albisuri irabazi zietenez, bi garaipen horiek zuzenean Logroñoko finalera eman diete. 

Jakaren eta Albisuren kontrako partidan gertatu zen bezala, Ezkurdiak eta Rezustak alde handia atera zieten Peñari eta Mariezkurrenari, 16 eta 8, baina Baikoko bikoteak partidari buelta eman zion, 18 eta 16 eta 20 eta 18 gerturatu ziren, eta, azkenean, sufrituta, 22 eta 18 irabazi zuten Ezkurdiak eta Rezustak, euren lehiakortasunaren saria jasota. 

Ezkurdiak eta Rezustak sanmateotako finala jokatuko dute, zazpi urte beranduago. Orduan txapeldunak izan ziren, Altunari eta Merino II.ari 22 eta 21 irabazita. 

Beste finalista
Ezkurdiak eta Rezustak ez dakite irailaren 24ko final handian nor izango duten aurkari, B multzoan zer gertatuko den gaur, irailak 22, ostirala, erabakiko baita, Altuna-Martija eta Zabala-Zabaletaren arteko partidarekin. Zabalak eta Zabaletak puntu bat dute, Larrazabalek eta Imazek beste bat, asteazkenean Altunari eta Martijari irabazi eta gero, eta Altunak eta Martijak ez dute punturik. Zabalak eta Zabaletak irabaziz gero, zuzenean sailkatuko dira finalerako. Galtzen badute, hiru bikoek puntu bana izango dute, eta, hortaz, tantoaverageak erabakiko du zein izango den finalista. Tentsioa pil-pilean, beraz, Adarragan (21:15). 

Jaialdia ixten duen partidan, Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Ugartemendiak Exposito eta Aaron Arbizu etxarriarra izango dituzte aurkari.