Txirrindularitza

Aurpegi berri asko espero dira Bizikleta Egunean

Guaixe 2023ko ira. 22a, 14:00

2022ko Bizikleta eguna.

Irailaren 24an Irurtzundik abiatu eta Altsasun despedituko den XXIX. Sakanako Bizikleta Egunerako 240 izena emate jaso dira Sakanako Mankomunitatean. Eguraldia lagun, arrakastatsua izango dela espero dute

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan dei asko erantzun behar izan ditu egunotan Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak, sakandar askok azken uneraino itxaron baitu irailaren 24ko XXIX. Sakanako Bizikleta Egunean izena emateko. 240tik gora sakandarrek eman dute izena. "Konturatu naizena da aurten partaide berri asko egongo direla, izena ematerakoan jendeak egin dizkidan aipamenengatik. Sakanako Bizikleta Egunak 29 edizio beteko ditu, urte asko dira, baina, zorionez, bere partaidetza etengabe berritzen da" azaldu du teknikariak. 

Aurtengo edizioak harrera oso ona izan du, "jendea ilusioz dago, nabaritzen da. Berriei urtero errepikatzen dutenak gaineratuko zaizkie, eta 10 urtetik gora nagusirik gabe etor daitezkeenez, adin horietan ere neska-mutiko askok ematen dute izena. Oso kontentu gaude" gaineratu du. 

Gomendioak
XXIX. Sakanako Bizikleta Eguna irailaren 24an 9:00etan abiatuko da Irurtzundik, eta Lakuntzan hamaiketakoa egin ondoren, ordu batak pasatuta Altsasura heltzea aurreikusten da (37 km). Txirrindulariak eta euren bizikletak Irurtzuneraino eramateko, autobusak eta kamioia 7:45ean abiatuko dira Ziorditik, herri guztietan geldialdiak eginez. Proba bukatuta, Altsasutik abiatuko da zerbitzua. 

Barranka Txirrindulari Taldeak ibilbidearen ardura eta kontrola izango du. Aurten Aralar txirrindularitza klubari dagokio ibilbidearen aurretik autoz joatea. Anbulantzia zerbitzua egongo da, eta Muruzabal eta Berri Bikes komertzioetako Joxi Lazkozek eta Joaquin Beltran de Herediak laguntza teknikoa eskainiko dute.

Zenbait gomendio egin ditu antolakuntzak. "Bizikletak ongi prestatu behar dira. Segurtasuna bermatzeko ezingo da antolakuntzak zehaztutako ibilbidetik atera, eta, jakina, kaskoa derrigorrezkoa da. Hamaiketakoa norberak eramango du. Eta azken gomendioa, ongi pasatu eta Sakanaz gozatu".