Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2023

24 bertsolari eta txapel bat

Guaixe 2023ko ira. 25a, 10:53

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Urriaren 7an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta abenduaren 2an izanen da finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Idoia Granizo, Ekain Alegre, Eneko Lazkoz eta Saats Karasatorre bertsolari sakandarrek parte hartuko dute.

Irailaren 16an aurkeztu zuten 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa Atarrabiako kultur etxean. Bertso txapelketaren 46. edizioa izanen da. Nafarroako Bertsozale Elkarteak azaldu duenez, aurrekoa, 2021koa, "ziurgabetasun erabatekoan" egin zuten, pandemiaren erdian, bertso plaza "moteldua" zegoela "eta kultura arriskuan". "Egun, zorionez, bertso plaza berreskuratzen doala esan dezakegu, eta kulturak, mehatxuak mehatxu, gizartearentzat duen balio ezinbestekoa erakutsi du". Txapelketa urriaren 7an, Iruritan, hasiko da eta abenduaren 2ra arte lau finalaurden izanen dira, hiru finalaurreko eta finala. Tartean Altsasuko Iortia kultur gunean azaroaren 4an finalaurreko bat jokatuko da. Saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eusen eros daitezke. 

29 bertsolarik eman dute izena aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta aurrekanporaketak igarota, 24 izanen dira Iruritan abiatuko den ibilbidean. Lau bertsolari sakandarrek parte hartuko dute aurtengo txapelketan: Idoia Granizo Uribarrena eta Ekain Alegre Gil altsasuarrak eta Eneko Lazkoz Martinez eta Saats Karasatorre Martinez etxarriarrak. Bi bertsolari altsasuarrak Iruritako Gizarte Bilgunean, urriaren 7an, 17:30ean, ariko dira eta etxarriarrak urriaren 21ean, 17:30ean, Leitzako Herri Aretoan. Bertsolariak ez ezik, Zigor Gartzia Arregi Zian arakildarra gai jartzailea izanen da urriaren 14ko Vianako saioan eta azaroaren 4ko Altsasukoan. Joseba Beltza Bengoetxea etxarriarra txapelketako epaile izanen da. 

Finalaurdenak Irurita, Viana, Uharte eta Leitzan izanen dira, eta finalaurrekoak Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian izanen da. "Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsua bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa". Bertsozale Elkartetik azaldu dutenez, "ez da batbateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitua baizik, eta bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena". 

Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Saioak

Finalaurdenak

Iruritako Gizarte Bilgunea, urriak 7, 17:30
Saioa Alkaiza, Eneko Fernandez, Sarai Robles, Idoia Granizo, Ekain Alegre eta Egoitz Gorosterrazu. Gai jartzailea: Maialen Belarra.

Vianako kultur etxea, urriak 14, 17:30
Julio Soto, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain,Patxi Castillo, Urko Gartzia eta Aitor Irastortza. Gai jartzailea: Zigor Gartzia Zian.

Uharteko Arte Garaikideko Zentroa, urriak 15, 17:30
Joanes Illarregi, Xabier Silveira, Mikel Lasarte, Julen Zelaieta, Beñat Astiz eta Eki Mateorena. Gai jartzailea: Ainhoa Larretxea.

Leitzako Herri Aretoan, urriak 21, 17:30 
Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Bittori Elizalde, Endika Legarra, Saats Karasatorre eta Fernando Ziganda. Gai jartzailea: Ander Aranburu.

Finalaurrekoak

Altsasuko Iortia kultur gunea, azaroak 4, 17:30
Iruritako saioko irabazlea eta puntuazioz sailkatuak. Gai jartzailea: Zigor Gartzia 'Zian'.

Agoizko kultur etxea, azaroak 11, 17:30
Vianako irabazlea eta puntuazioz sailkatuak. Gai jartzailea: Maialen Belarra.

Lesakako kultur etxea, azaroak 19, 17:30
Uharte eta Leitzako irabazleak eta puntuazioz sailkatuak. Gai jartzailea: Alaitz Rekondo

Finala

Iruñeko Anaitasuna kiroldegia, abenduak 2, 17:00
Finalaurreko irabazleak eta puntuazioz sailkatuak. Gai jartzaileak: Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu. 

Egitura

Finalaurdenetako fasean 24 bertsolarik parte hartuko dute, sei saio bakoitzeko. Hemezortzi pasako dira finalaurrekoetara: lau saioetako irabazleak eta puntuazioaren araberako hamalau. Finalaurrekoetako hiru saioetatik zortzi bertsolari sailkatuko dira finalerako; saioetako hiru irabazleak eta puntuazioaren araberako lehen bostak. Finalean zortzi bertsolari lehiatuko dira. 

Egin beharrekoak

Final-laurdenak: hamahiru bertso puntuagarri
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian. 
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian. 
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian. Ganbara: Banaka, gaia eta lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian  eta banaka, gaia emanda, bi bertso.

Finalaurrekoak: hamabost bertso puntuagarri
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian. 
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian. 
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian. 
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso. Ganbara: Banaka, gaia emanda, hiru bertso.

Finala: hamabost bertso puntuagarri
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortzizko handian. 
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian. 
Banaka, gaia eta lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian. 
Banaka, gaia emanda, hiru bertso.

Buruz burukoa: bederatzi bertso puntuagarri
Binaka, gai emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean. Ganbara: Banaka, gaia emanda, hiru bertso.