Pilota

Ezkurdiak eta Rezustak euren bigarren sanmateotako torneoa eskuratu dute

Guaixe 2023ko ira. 25a, 11:20

Final borrokatu eta ikusgarrian Zabala eta Zabaleta mendean hartu zituzten

Udako torneoen denboraldia ongi bukatzen ari da Joseba Ezkurdiarendako. Jose Javier Zabaletarekin Donostiako Hiria Torneoa irabazi eta gero, Arbizuko aurrelariak Sanmateotako Binakako Torneoa irabazi zuen atzo Beñat Rezustarekin batera, 2016an biek elkarrekin lortutako garaipena errepikatuz. Javier Zabalaren eta Jose Javier Zabaletaren kontra jokatutako finala estua eta lehiatua izan zen, lau pilotariek erakustaldi bikaina egin baitzuten, baina, azkenean 22 eta 16 irabazi zuten Ezkurdiak eta Rezustak, merezimenduz. 

Zabalak eta Zabaletak egin zituzten lehen bi tantoak, baina hortik aurrera Ezkurdiak eta Rezustak hartu zuten aurrea. Hori bai, aldea hartzen zuten bakoitzean, berehala gerturatzen ziren Zabala eta Zabaleta. Partida bukaerara arte. Hor finago aritu ziren Ezkurdia eta Rezusta, eta merezitako garaipena lortu zuten. Zazpi urte geroago, Logroñoko torneoa irabazi dute berriz Ezkurdiak eta Rezustak. Rezusta finaleko pilotari onena izendatu zuten.

CaixaBank Mastersa, hurrena
Asteburuan udako azken torneo garrantzitsua erabakiko da: CaixaBank Mastersa. Ostiralean finalerdiak jokatuko dira Nafarroa Arenan: Ezkurdiak eta Mariezkurrena II.ak Jaka eta Martija izango dituzte aurkari, eta Altuna III.ak eta Imazek Peña II.a eta Rezusta. Jaialdiak ikusmin handia piztu du, eta sarrera oso gutxi daude erosteko.