Futbola

Erregionala: Etxarri Aranatzek irabazi, eta Lagun Arteak galdu

Guaixe 2023ko ira. 26a, 11:17

Erregional mailako laugarren multzoan etxarriarrek 3 puntu ekarri zituzten etxera, eta Lagun Arteak, aldiz, ez zuen punturik bildu

Erregional mailan bigarren jardunaldian txanponaren bi aldeak ikusi dituzte gure bi taldeek. 

Etxarri Aranatzek Zizur izan zuen aurkari irailaren 23an Zizurren jokatutako partidan. Etxarriarrak ongi hasi ziren, Mattin Altzelaik 19. minutuan sartutako golean markagailua mustu baitzuten. Zizur partida berdintzen saiatu zen eta Etxarri, aldiz, alde gehiago ateratzen, baina Iñigo Garatek banakako berdinketa ezarri zuen eta atsedenaldira bana berdinduta joan ziren. Bigarren zatian bi taldeek lehia polita izan zuten, eta 60. minutuan Xabat Goikoetxeak berdinketa apurtu zuen, 1 eta 2 ezarriz. Etxarriarrek ongi eutsi zuten, eta hiru puntuak etxera ekarri zituzten. 

Lakuntzako Lagun Arteak eta Beti Kozkorrek Lekunberrin jokatutako partidak emozioa izan zuen eta bizia eta borrokatua izan zen. Atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren bi taldeak, eta bigarren zatian are gogotsuago saiatu ziren. 69. minutuan Iker Chascok Beti Kozkor aurreratu zuen, eta nahiz eta Lagun Artea saiatu, ezin izan zion markagailuari buelta eman eta 1 eta 0 galduta itzuli ziren etxera. 

Datorrena
Erregional mailako laugarren multzoko lider Mutilbera C taldea da (6 puntu), Rotxapea B taldearekin puntutara berdinduta. Etxarri Aranatz hirugarren postura igo da (4 puntu) eta Lagun Artea bosgarren da (3 puntu). Asteburuan Etxarri Aranatzi atseden jardunaldia dagokio. Aldiz, Lagun Arteak zazpigarren den Liceo Monjardin taldea hartuko du irailaren 30ean, larunbata, 16:30ean Zelai Berrin.