Lekuko aldaketa Topagunearen zuzendaritzan

Guaixe 2023ko ira. 25a, 11:27

Irati Iciar eta Kike Amonarriz. GOIENA

Irati Iciar da Topaguneako lehendakari berria, Kike Amonarriz ordezkatuz. Euskara elkarteen federazioak fase berri bati ekingo diola iragarri zuen Ermuan egindako batzar orokorrean irailaren 22an. Azaroaren 18an Arrasaten egingo duen 3. kongresuan aurkeztuko ditu Topaguneak aro berri horren oinarriak.

Irati Iciar da Euskaltzaleen Topaguneako lehendakari berria. Azken 4 urtetan Euskara elkarteen federazioan lemazain ibilitako Kike Amonarrizek Irati Iciarri pasa dio lekukoa Topagunearen gidaritzan. Ostiralean Ermun egindako Batzar Orokorrean iragarri dute erreleboa. Batzarrean egindako lanaz harro agertu zen Amonarriz: "pandemiak baldintzatutako lau urte zail eta konplexu kudeatu beharra egokitu zait Topagunean, eta esango nuke modu egokian aurre egin diogula egoera korapilatsu horri". Aldi berean, Topagunearen lehendakaritzaren lekukoa pertsona aproposari ematen diola ziurtatu zuen: "itxaropen guztia dut Iciarrengan. Iruditzen zait lehendakari fenomenala izango dela. Pertsona gaztea da, gasteiztarra, emakume ikuspegia ekarriko du... ekarpen oso inportantea izango da Euskaltzaleen Topagunearendako". 

Iciar ez da berria zeregin horretan, lehendik ere Topaguneako zuzendari batzordeko kide baitzen. Gasteizko GEU elkarteko lehendakaria izaki, ibilbide luzea du Iciar oñatiarrak euskalgintzan. Udako Euskal Unibertsitateko, UEU-ko koordinatzailea da Iciar gaur egun eta Amonarrizen ordezkapena ilusio eta gogoz hartuko duela adierazi zuen: "aitortu beharra daukat bertigo pixka bat dudala, baina batez ere itxaropena eta lan egiteko gogo izugarria daukat". Gaineratu zuenez, "oso babestua sentitzen naiz. Topagunera nator, ibilbide luzea eta eragin handia duen erakunde batera, baina zaildutako lantalde sendo baten laguntasuna dut, ez nago bakarrik".

Kongresuaz
Ez zen hori izan Batzar Orokorrean iragarri zuten nobedade bakarra. Izan ere, Topaguneak aro berri bati ekingo diola jakinarazi zuten. Euskara bidegurutzean aurkitzen dela iritzita, aldi berri horrek erabilpenean jauzi bat ematea du helburu eta Batzar Orokorrean azaldu zutenez, Euskal Herri osorako baliagarria izango den proposamen integral bat garatzen ari dira. Amonarrizen esanetan: “bultzada berri bat behar du hizkuntzaren biziberritze prozesuak, eta bultzada horren emaitzak izan behar du erabileran jauzi bat egitea”. Iciar bat dator Amonarrizen esanekin: 2gizartean erabileraren aldeko eraldaketa eman dadin, euskalgintzaren barruan zein kanpoan dauden eragile eta sektore guztiei zabaldu nahi diegu proposamen hau". 

Proposamen horrek 14 kidez osatutako talde batek abian jarritako Batera Jauzi dinamika izango du oinarri (labur.eus/QHKUN) eta azaroaren 18an Topaguneak Arrasaten egingo duen 3. Kongresuan aurkeztuko da. Hain justu, Batzar Orokorrean ikusi du argia 7 hilabetetan eta hainbat sektoreetako eragileekin elkarlanean landutako Batera Jauzi dinamikaren irizpenak. Euskaltzaleen Topaguneako ordezkariek azaldu dutenez, deliberazio tarte bat irekiko da orain kongresura bitarteko denboran, erakundearen hurrengo hamarkadatako lan-ildo eta estrategiak definituko dituen behinbetiko ponentzia gorpuzte aldera.