Sakanako Mankomunitateak Emausko Trapuketariekin kontratua berritu du

Guaixe 2023ko urr. 4a, 11:00

Emausko Trapuketariak fundazioko eta Sakanako Mankomunitateko ordezkariak. UTZITAKOA

Fundazioa tamaina handikoak, etxetresna elektriko eta elektronikoak eta erabilitako arropa, oinetakoak eta bestelako ehunak biltzeaz arduratzen da. Etxean behar ez direnak jasotzeko zerbitzua dohainik da; eskatzeko 948 464 867 telefonora hots egin.

Sakanako Mankomunitateak Emausko Trapuketariak fundazioaren proiektuarekin eta gauzatzen duen gizarte ekintzarekin duen konpromisoa berritu zuen irailaren 1ean, bi erakundeetako  ordezkariak kontratu berria sinatu baitzuten. Hitzartutakoaren arabera fundazioko langileek Sakanan tamaina handiko objektuak (altzariak, etxetresna elektrikoak eta beste) eta erabilitako arropa, oinetakoak eta bestelako ehunak jasoko dituzte. Lan horregatik 104.551,2 euro (BEZik gabe) urteko jasoko ditu fundazioak. Kontratua bost urtez luzatu daiteke gehienez, 522.756 euroko kopurua osatuz.  

Fundazioko langileen bilketa zerbitzua ibarreko 15 udalerrietan egiten da, baita herriguneetatik aparte dauden etxeetan ere. Haiek dira herrietan dauden 29 edukiontzietatik arropa jasotzen dutenak. Gainera, Emausko Trapuketariek Arbizu eta Altsasuko garbiguneetatik ere jasoko dituzte jaso beharrekoak. Irurtzungo garbigunea egiten denean, hangoak ere eramanen dituzte. 

Zerbitzuaz
Etxean behar ez diren altzariak, etxetresna elektriko handiak, ordenagailuak, arropa… Halakoren bat kendu nahi duenak 948 464 867 telefonora hots egin eta etxez etxeko bilketa zerbitzua eska dezake. Zehatz-mehatz esan behar da zer jaso behar duten trapuketariek. Ondoren, Emauseko Trapuketariek telefonoz hots eginen diote eskatzaileari, gauzak jasotzeko eguna eta ordua adosteko. Trapuketariekin bilketa eguna zehaztuta, etxean ezin bada egon, portalean edo portxean utzi daitezke gauzak goiz horretan, beti ere, bizilagunei oztoporik egin gabe. Objektuak ez dira kalean edo bide publikoan utzi behar. 

Emausko Trapuketariak etxetik pasako dira esandakoa jasotzera. Mank-eko  Hondakin Zerbitzuko teknikari Olatz Garde Mazkiaranek azpimarratu duenez, 2zerbitzua dohainik da". Jakinarazi duenez, “eskaera egin eta bilketa, gehienez, 7 egunetan egiten da".

Emausko Trapuketariek ibarrean 4.663 tona bildu zituzten joan zen urtean; "2022ko bilketa-datuak ikusita, esan dezakegu sakandarrek asko eskatu dutela zerbitzua", adierazi du Gardek. Joan zen urtean jasotakoetatik tamaina handikoak 209,61 tona izan ziren, ehungintzakoak 149,04 tona, etxetresna elektriko eta elektronikoak  83,73 tona eta bestelakoak 31 tona. Mank-ek gaztigatu duenez, "datu aipagarria da bilketa horien %82,57ri balioa eman zaiola, eta %14,43 baino ez dela errefusatu", nabarmendu du.