Sakandarrak aktiboagoak bihurtzeko helburuz, duela hiru urte Sakanako Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzua martxan jarri zen. Zerbitzua sedentarioak direnei, gaitz kronikoak dituztenei eta baztertze arriskuan dauden pertsonei zuzenduta dago. Zerbitzuaren sustatzaileek kezkaz ikusten dute egungo "sedentarismo tasa oso altua". Gainera, "obesitatea gero eta ohikoagoa da. Eta hori biztanleria ez aktibo baten ondorioa baino ez da". Ziurtatu dutenez, jarduera fisikoa egiteak "bizi kalitatean eta menpekotasun atzerapenean onura positiboak ditu".
Zerbitzua Etxarri Aranazko osasun eskualdean (Lakuntza eta Urdiain bitarteko herriak hartzen ditu) abiatu zen. Ondoren, Irurtzungo eskualdera zabaldu zen (Arakil eta Arruazu artekoak). "Eta langileek posible izan zutenean, 2022an, Altsasuko osasun eskualdera zabaldu zen (Altsasu eta Ziordia artekoak). Ordura arte, eskualdeko profesionalak gainezka zeudelako".
Zerbitzuak kirol orientatzailearekin aurrez aurreko kontsultak eskaintzen ditu. Baina baita osasunarendako onuragarriak diren ordubeteko paseoak; indarra, oreka eta malgutasuna lantzeko gidatutako jarduera fisikoko saioak; nolabaiteko mendekotasuna duten adinekoen eguneroko jarduerak hobetzeko helburuz ematen diren hausturak ekiditeko klaseak, funtzio gaitasuna hobetuz, makaltzea eta hausturak ekiditen dituena, eta, azkenik, bigarren mailako mendekotasuna duten eta etxeratuta dauden pertsonei eta haien zaintzaileei zuzendutako ariketa fisikoa. Jarduera gehienak kalean egiten dira, eguraldiak laguntzen ez duenean barruan, baina beti talde txikitan. Zerbitzua udalekin elkarlanean egiten da, herri bakoitzean ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko. Orain arte doakoa izan da zerbitzua, baina orain "kantitate sinboliko bat ordaindu beharko da. Zerbitzua udalen eta dirulaguntzen ekarpenen menpe baitago. Ez dugu halakorik nahi".
Garbi dago jarduera fisikoak onurak ekartzen dituela?
Sara. Uste dugu baietz. Nik probatu dut, eta gustatzen zait gainera ariketa fisikoa egitea. Ez da bakarrik ariketa fisikoa egitea, baizik eta bizitza modu aktiboan hartzea. Hau da, etxera autoz joan ordez oinez joatea, egunero eskailerak igotzea, edo pisuak hartzea... Hori da aktibo izatea. Ez bakarrik gorputza, baita burua ere: irakurri, musika jo eta abar. Mantenduz gero, gauzak ez dira galtzen. Hor dago koxka.
Aktibo izateak fisikoak bai, baina beste onura batzuk ere baditu?
Amaia. Bai. Kirolak balio digu elkarrekin egoteko, lagun batzuk egiteko, harremanak egiteko... Beraz, gizarte eta buruko onurak ditu, bai.
Hori guztia adin guztietarako?
Daniel. Hala da, ariketa fisikoa egiten badute pertsona guztiek onura ikusten dute. Gorputz osasuntsu bat baldin badaukazu, burua ere hala izanen duzu, eta aldrebes. Azkenean, bien arteko oreka behar duzu; buru osasuna ongi baduzu, gorputza ere hortik joango da. Eta gauzak modu desberdinean ikusten dira.
Ez da bakarrik ariketa fisikoa egitea, baizik eta bizitza modu aktiboan hartzea
Orientazio zerbitzu bat beharrezkoa zen?
A. Guk urte asko daramagu kirol jarduerak antolatzen. Ikusi dugu jende kopuru batengana iristen garela: kirolariengana. Baina zer gertatzen da kirola egiten ez duten pertsonekin? Aktiboak ez diren pertsonengana iritsi nahi genuen. Normalean lan egiten dugun kirol esparruetatik atera gara gizarte guztira zuzentzeko. Horrela denoi aukera ematen diegu.
Ariketa fisikoaren aurrean jendea galduta zegoelako orientazio zerbitzu bat behar zen?
S. Galduta ez. Baina osasun etxearen papera hor dago. Medikuak eta ariketa fisikoa edo programak daude. Haien artean orientatzailea bitartekaria da. Batzuk badakite zer eskaintza dagoen eta etortzen dira. Baina badago jende asko ez dakiena ariketa fisikoa egiteak zer onura dituen, edo nora jo dezakeen aholku eske. Beste batzuk pentsa dezakete adinekoak direla eta ez daudela ariketa fisikoa egiteko prest. Medikuarengana joan eta hark kirol errezeta emanen dio. Pertsona hori Danielekin, orientatzailearekin, egonen da. Plangintza bat jarri eta zentratuta zaude: nola egin eta zer egin. Pauso hori ematea garrantzitsua eta beharrezkoa da.
Kirol errezeta. Osasun etxeekin elkarlanean?
A. Sakanako hiru osasun etxeekin hitzarmena dugu. Haien bideratze lan hori oso beharrezkoa da gure zerbitzurako. Haiek ere beharrezkoa eta garrantzitsua ikusten dute. Azken batean, botikak pixka bat gutxiago hartu eta gorputza gehiago mugitu. Bai, medikuek oso paper garrantzitsua dute. Hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin ere harremanetan gaude, baztertze arriskuan dauden pertsona eta familiak nolabait laguntzeko. Bestetik, hezkuntza komunitatearekin harremanetan egoteak garrantzia handia du guretako, gazteak etorkizuna baitira. Horregatik, lehiarik gabe, nerabeek hainbat kirol probatzeko eskaintza martxan jarri genuen.
Azken batean, botikak pixka bat gutxiago hartu eta gorputza gehiago mugitu
Medikuak kirol errezeta ematen du eta zuregana iristen dira.
D. Hori da. Niri bideratzen dizkidate paziente horiek. Medikuek nirekin egoteko hitzordua emanen diete. Nirekin Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko osasun etxeetako kontsultetan egonen dira.
Demagun medikuak zurekin hitzordua eman didala. Hitzordura agertu, eta zer?
D. Lehenik eta behin, etortzen den pertsona ezagutzea gustatzen zait; bere arazoak zeintzuk diren ikusteko eta ulertzeko. Behin hori jakinda, bere maila fisikoa kalkulatzen dut. Test fisiko batzuk pasatzen dizkiet eta horrekin haien egoera ikusten dut: ahul dagoen, ahultzeko bidean edo sendo dagoen. Hori jakinda, planifikazioa egiten dut.
Planifikazio hori zer da bakarka egiteko? Edo taldean?
D. Jende askok bakarka egin nahi du ariketa fisikoa. Beste batzuk sozialagoak dira eta nahiago dute herriko jardueretan parte hartzea. Hori kontuan izanda, kasuaren arabera, guztiak desberdinak baitira.
Jarraipena egiten diezu? Bi aste barru etorri edo halakorik esaten diezu?
D. Jarraipena izatea onena da, prozesu guztia eraginkorra den edo ez ikusteko. Jarraipena egitea derrigorrezkoa da, bai. Indibidualizazioa onena da.
Jarraipen hori medikuekin elkarlanean egiten duzue?
D. Bai, Askotan medikuekin eta erizainarekin hitz egiten dut. Haiek aipatzen didate zer moduz dauden pazienteak, hobetu duten, zer moduz ikusten duten euren burua. Eta, ondoren, nirekin egoten dira, nik nire ikuspegia izateko.
Hiru urteko ibilbidea. Zer moduz?
D. Momentuz, dena bikain. Partaideak oso gustura daude. Ni baita ere. Gainera, hoberena da hobekuntzak ikusten ditugula. Bai beraiek bai beraien senideek edo ingurukoek. Denek ikusten dituzte hobekuntzak haien bizitzetan. Bai pazienteak bai zaintzaileek ariketa fisikoa egin behar dute.
Bai pazienteak bai zaintzaileek ariketa fisikoa egin behar dute
Egitasmoa aurrera ateratzeko, elkarlana.
A. Bai, sare bat daukagu. Bertan daude: Berdintasun Zerbitzuak, Euskara Zerbitzua, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta hezkuntza arloa. Sarean lanean gaude hainbat arlotako profesionalak.
Zer egin behar da zerbitzua erabiltzeko?
S. Medikuak orientatzailearengana joan behar dela esaten du, Danielengana. Berak banakako programa jarri edo dugun eskaintzaren berri emanen dio. Altsasun, biztanleria handia denez, honekin lotutako hainbat programa dauzkagu. Probatu dutenek erraz ikusi dute zer lortzen den.
Emaitzak, orokorrean, ikusten dira, eta jendea pozik dago programarekin. Helburua ez da beti talde honetan gelditzea, baizik eta daukagun eskaintza zabalagoan sartzea, eta gero eta jende gehiago pasatzea talde berezi horretatik.
Izango litzateke kirol jarduerarako sarrera bat?
S. Helburua da gure bizitzan ariketa fisikoa bizimodu bezala sartzea. Ez da kirola egiten dut edo ez. Autoa erabili ordez oinez ibiliko naiz herrian... Beharbada hemendik ez dakit zenbat urtetara ez dugu hainbeste hitz egin behar ariketaz, osoak garelako. Horrela ikusi behar dugu bizitza.