Ohartarazi dute itxarote zerrenden arazoa "egiturazkoa" dela

Guaixe 2023ko urr. 3a, 09:03

Osasun publikoaren aldeko plataformen bileran Sakanako ordezkariak ere izan ziren. UTZITAKOA

Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak osasun zerbitzu publikoen egoera aztertu eta aurrera begira egiteko pausoak aztertzeko elkartu dira. 

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Osasun Publikoaren aldeko herri-plataformetako ordezkariak, sakandarrak barne, Araian bilera egin zuten larunbatean. Helburua zen bien arteko koordinazioa bultzatzea eta bi lurraldeetako gobernuen osasun-sistema publikoa pribatizatzeko estrategien aurretik erantzun mobilizatzaileak gaitzea.

Topaketaren ondoren salatu egin zuten bi gobernuek "itxaron zerrendak murrizteko sistema publikoko pazienteak osasun negozio pribatuetara masiboki bideratzeko" duten asmoa, "egiturazko irtenbide bat ez delako, egungo zenbakiak makillatzeko eta diru publiko kopuru handiak esku pribatuetara bideratzeko soilik balio duelako". Plataformek egiturazko aldaketak eskatzen dituzte, zuzenean osasun sistema publikoa eta, bereziki, Lehen Mailako Osasun Arreta eta Osasun Publikoa indartu, zabaldu eta hobetzeko. Bileratik atera zuten ondorio garrantzitsuenetako bat izan zen "herritarren mobilizazio iraunkor baten beharra, bide pribatizatzailea eta osasun publikoaren desegitea geldiarazteko tresna gisa". Topaketan herritarrek eskatzen duten Osasun Publikoaren ereduari buruz hausnartu zuten, baita egun duen egoerari buruz ere. 

Aldi berean, hurrengo hilabeteetarako jarraitu beharreko ekintza eta lan ildoei buruz hizketatu ziren. Gainera, mobilizazioak aurreratu dituzte erkidegoko hiru hiriburuetan. "Osasun publikoaren eredu parte hartzaile eta gardena aldarrikatzeko, orain arte egin diren murrizketa guztiak lehengoratuko dituena eta herritarren egungo beharrei eta eskaerei arlo publikotik erantzungo dieten egiturazko aldaketak eskatuko dituena". Nafarroako plataforma aukera aztertzen ari da.