Maiatzaren 28an tokiko erakundeak berritzeko hautagaitzarik ez zen aurkeztu ez Zuhatzun ezta Iturmendin. Hori dela eta, Zuhatzuko Kontzejuan eta Iturmendiko Udalan aurreko legegintzaldiko hautetsiak jarraitzen dute lanean. Zuhatzuko Kontzejuko presidentea Juan Pedro Arregi Sarasa da, eta Iturmendiko alkatea, berriz, Imanol Arbizu Perpiña. Hautagaitzarik aurkeztuz gero, zuhatzuarrek eta iturmendiarrek azaroaren 26an botoa emateko aukera izanen dute. Zuhatzuk 50 biztanle baino gutxiago dituenez, hautagairik aurkeztuz gero, kontzeju irekiko presidentea aukeratuko lukete. Iturmendiren kasuan, berriz, alkatea eta sei zinegotzi. 2019ko udal hauteskundeetako bi deialdietan ez zen hautagaitzarik izan Iturmendin, eta herritar talde batek bere burua aurkeztu zuen kudeaketa batzordea osatzeko. Haiek daude udalean gaur egun.
Nafarroako Gobernua arduratzen da kontzejuetako hauteskundeak deitzeaz. Nafarroan hauteskunde partzialen deialdian 77 kontzejuetako hautetsiak aukeratzeko deialdia egin da, tartean, esan bezala, Zuhatzukoa. Espainiako Gobernuak udal hauteskunde partzialak deitu ditu Nafarroako 38 udalerritan, tartean Iturmendi. Araudiaren arabera, hauteskunde kanpaina azaroaren 10ean, ostiralarekin, hasiko da eta azaroaren 24ko gauerdian despedituko da, ostiralarekin.
Maiatzaren 28an udal eta kontzeju hauteskundeetatik ateratako 14 udalak eta 14 kontzejuak garagarrilaren 17an berritu ziren. Udaletan guztira 114 hautetsik bere ardura hartu zuten egun horretan. Kontzejuetan, berriz, 54 sakandar ari dira lanean garagartzaroaren 17az gerotik.