'Musikariak ikastetxean' Euskarabidearen esku

Guaixe 2023ko urr. 2a, 09:21
Javier Arakama eta Gil Sevillano. NAFARROAKO GOBERNUA

Euskara Nafar Institutuak eta Hezkuntza Departamentuak musikaren bidez euskara sustatzea helburu duen programaren kudeaketa aldatzeko hitzarmena sinatu dute; hortaz, Euskarabideak kudeatuko du 2023/2024 ikasturtetik aurrera programa.

Euskarabideak kudeatuko du 2023/2024 ikasturtetik aurrera Musikariak ikastetxeetan programa, Hezkuntza Departamentuarekin hitzarmena sinatu ondoren. Javier Arakama Urtiaga Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak eta Gil Sevillano Gonzalez Hezkuntzako zuzendari nagusiak sinatu zuten akordioa. Programaren bidez eskola adinean daudenen artean euskara jakitea eta erabiltzea sustatu nahi dute. 

Musikariak ikastetxeetan programa 2018/2019 ikasturtetik egiten den kultur programa bat da; programaren xede nagusia da ikasleek euskarazko musikariekin esperientziak izatea, zuzeneko musika gelan bertan gozatu ahal izateko; izan ere, horrek musikari zein euskal kulturari buruzko jakintza zabaldu eta adierazpen artistiko eta kultur adierazpenari buruzko interesa sustatuko du. 

Hezkuntza Departamentuak ikasturtearen amaieran jakinarazi zuen programa bertan behera utziko zuela, eta parte hartzaileek protesta egin zuten departamenduaren egoitzaren aurrean. Euskarabideak hartu du orain kudeaketa, programari jarraipena emanez.