Animaliei tratu txarra emateagatik ikertua

Guaixe 2023ko urr. 6a, 08:53

Animaliei tratu txarra emateagatik egindako ikerketan opatutako txakurra. FORUZAINGOA

Foruzaingoak animaliei tratu txarrak ematea egotzi dio gizonezko sakandar bati. Urbasan txakur bat jipoitzen ari zela identifikatu zuten, eta, azkenean, polizia-ikerketa baten ondorioz, haren gorpuzkiak aurkitu zituzten.

Foru poliziak jakinarazi duenez, bere Aginte eta Koordinazio Zentroan deia jaso zuten. Deitzaileak gaztigatu zuen gizonezko bat txakur bat jipoitzen ari zela Urbasan. Jakinarazitako tokira Foruzaingoaren Altsasuko polizia etxeko patruila bat joan zen. Agenteek gizonezkoa identifikatu zuten eta jazotakoaren berri Ingurumena Babesteko Brigadako Ikerketa Taldeko agenteei eman zieten, delitua izan zitekeelakoan.

Ikerketa identifikatuaren jabetzako lursailaren begizko ikuskapen tekniko polizial batekin bukatu zen. Bertan, agenteek Border Collie arrazako txakur baten gorpua aurkitu zuten ezkutatuta, eta nekropsia egiteko froga gisa jaso zuten. Erlazionatuta egon zitekeen tresnaren baten bila beste begizko ikuskapen tekniko polizial egiten ari zirela, artzain arraza mestizoko beste txakur bat ikusi zuten, mikrotxipik eta amorruaren aurkako txertorik ez zuena. Arau hauste horiek 94/22 Foru Dekretuan oinarrituta salatu ziren (19/19 Foru Legea, Etxeko Animaliak Babesteari buruzkoa, garatzen duen Erregelamendua).

Nekropsiaren txostenak ondorioztatu zuen animaliaren lesioak objektu kamuts ez zorrotz batek eragindako traumatismo ugariren ondorio zirela. Hori dela eta, jasotako ebidentzien arabera, animaliaren jabea ikertu gisa deitu zuten  polizia etxera, etxeko animaliei tratu txarrak ematea egotzita. Atestatuaren eginbideak Lizarrako guardiako epaitegi batera eta Nafarroako Ingurumen Fiskaltzara bidali zituen Foruzaingoak.