Nafarroa Oinez eguneko egitarauko aurreneko jardueretako bat da Erronka. Lehengo eremuan, Utzubar Txikin, 10:00etan, abiatuko da. Ondoren, zirkuituko beste bi eremuetatik pasako da Erronka. 11:00etan Arluzepen izanen da eta 13:00etan Erronkak azken saioa izanen du 3. arean, Batzetan. Nafarroako ikastoletako dozena bat talde neurtuko dira, eta haien artean Sakanako bi ikastoletako hiru talde daude. Parte hartzaileak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak dira. Andra Mari ikastolako Sugaitz Bumiller Ormazabal eta Lexuri Lazkoz Ruiz talde banatan ariko dira eta Iñigo Aritza ikastolako Haizea Lopez de Goikoetxea La Torre eta Beñat Andueza Etxaiz taldekideak izanen dira.
Erronka zer den galdetuta, Bumillerrek azaldu duenez, “proba fisikoak-eta dira. Hainbat proba dira eta horiek guztiak egin behar dute taldeek”. Anduezak zehaztu du lau direla, buruarekin eta ariketa fisikoaren bidez egin behar dira”. Lazkozek proben inguruko argibideak eman ditu: “Nafarroa Oinezen Youtubeko kontura bideoak igo dituzte, probak nolakoak diren ikusteko. Orain oso ongi ikusten dira. Baina, beharbada, egiten hasi eta zailagoak dira”. Bumillerrek esan duenez, “hasieran badirudi ez direla oso zailak, baina zailtasun puntu bat dute”. Lopez de Goikoetxeak azaldu duenez, aurreneko proban “taldekide batzuk etzan eta gainean makil bat jarriko diete. Bueltak emanez puntu batera eraman beharko dugu makila. Hurrengoan arropa ibaian sartu eta ura lortu behar dugu. Beste bat orekarekin lotutakoa da. Eta azkena ginkana moduko bat da”. Andra Marikoek eta Iñigo Aritzakoek esan dutenez, ez dute entrenatu. “Aurrekoan asko entrenatu genuen”, gogoratu du Anduezak. “Hala ere, berdin-berdin saiatuko gara irabazten”, ziurtatu du Lazkozek. Bumillerren taldean saria “lortzea espero” dute. Lopezek eta Anduezak ere irabaztea espero dute. Lehia, beraz, ziurtatuta dago.
Ezaguna
Erronka ezagutzen dute. “Nik beti ikusten ditut, horrelakoak ikustea asko gustatzen zait”, esan du Lazkozek. Lopez de Goikoetxea joan zen urtekoa ikusi zuen, “baina oso goiz hasten zenez, atzeneko bi probak besterik ez genituen ikusi. Oso giro polita zegoen. Eta lehiakortasun puntu hori guretako aberasgarria da”. Bi mutilek aurreko urteko Erronkan parte hartu zuten, Tafallan. “Autobusez joan, gosaldu eta ondoren eremuz eremu probak egiten joaten gara”, azaldu du Bumillerrek. “Nahikoa lehiakorra” dela gaineratu du. Anduezak gogoan du “hasieran hotza” egiten zuela, “baina gainontzeko probetan oso gustura. Esperientzia polita izan zen”. Hala ere, Lazkozek aurtengo Herri Urratseko Erronkako eskarmentua du: “Erronka berezia egin zuten eta joan nintzen. Bestela, hau nire aurreneko aldia da”. Erronka bukatzean sariak banatuko dituzte antolatzaileek.
Lopez de Goikoetxea parte hartzeko gogoz dago. Aurrekoetan parte hartu dutenek “beti gauza positiboak aipatzen dituzte. Esperientzia oso polita dela, bizitzeko modukoa”. Parte hartzeko gogoa handitu egin zaio Lazkozi aurreko Erronketan parte hartu dutenen kontakizunak entzun ondoren: “ongi egon zirela esaten dute, esperientzia asko gustatu zitzaiela. Eta errepikatzeko modukoa dela esan didate”. Iñigo Aritzakoek ikaskide eta lagunen animoak espero dituzte, “pankartekin ez dakit joanen diren, baina animatzera bai”, ziurtatu du Anduezak. Bumillerrek esan duenez, “taldekideak animatuta daude. Jakin-mina dute”. Andra Marikoek lagunen babesa eta animoak izanen dituzte Erronkan zehar.
Taldeak osatzeko zozketa egin zuten Andra Mari ikastolan, “parte hartu nahi genuen asko geundelako”, azaldu du Lazkozek. “Aurreneko zozketan niri ez zitzaidan tokatu. Baina bi pertsona joan zirenez, atzera ere zozketa egin zuten eta taldera sartu nintzen. Bigarren Erronka da eta gogotsu nago”, esan du Bumillerrek. Iñigo Aritza ikastolan ere zozketa egin dute. Talde bakoitzak dozena bat kide ditu.
Hiru taldeetakoak elkar ezagutzen dute, baina gainontzekoak ez dituztela ezagutzen aitortu dute. “Lagun berriak egitea, jende berria ezagutzea eta euskara sustatzeko asmoz” joanen direla aurreratu du Lopez de Goikoetxeak. Erronka despeditu ondorengo plana aurreratu du Bumillerrek: “bazkaldu eta kontzertuetara, ongi pasatzera”. Gainontzekoek asmoa berretsi dute.