Idiazabalen aitortza jaso du Ustarrozek

Guaixe 2023ko urr. 6a, 10:31
Idiazabal Gazta Jatorri Izendapen Babestuaren aitortza jaso zuen Ustarrozek. @queso_idiazabal

Izendapenaren egunean izan zen. Idiazabal Gazta Jatorri Izendapen Babestuaren figura aldarrikatzeko eguna, sektore ekoizlea osatzen duten pertsonengan jarri zuen protagonismoa.

Idiazabal Eguna, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapen Babestuaren eguna, estreinakoz ospatu zen irailaren 28an, Kontseilu Arautzailearen 36. urteurrenarekin bat eginez. Busturian antolatutako jardueren akaberan, 17 urtez jatorri izendapeneko lehendakari izandako Jose Mari Ustarroz Razkinek omendu zuten, eta merezitako aitortza jaso zuen. 

Busturian artzainak, ekoizleak, Artzain Eskolako ikasleak, sektoreko adituak eta erakunde publikoetako ordezkariak elkartu ziren, 120 bat pertsona baino gehiago. Izendapenaren kontseiluaren Batzar Orokorra eginez hasi zen eguna,  eta, ondoren, ardatz nagusia Aritz Ganboa de Migel artzain eta komunikatzaileak zuzendutako "iraunkortasunari buruzko elkarrizketak" izan ziren. Jasangarritasunari buruzko mahai-inguruan besteak beste, zientzialariak, ikerlariak, artzainak eta ekoizleak elkartu ziren. Hainbat ikuspegietatik jasangarritasun balioak, haren erronkak eta gizartean duten balioa izan zituzten hizpide.