Azaroaren 30eko greba feminista prestatzen

Guaixe 2023ko urr. 10a, 09:00

Mugimendu feminsitak Emakumezkoen Nazioarteko Egunean egindako manifestazioa. ARTXIBOA

Sakanako Mugimendu Feministak data gorde, deituko diren mobilizazioetarako adi egon, eta greba egiteko arrazoiak eman ditu, tartean zaintza sistema publiko eta komunitario baten beharra aldarrikatzea.

Martxoaren 8an Altsasun egindako eskualdeko manifestazioan iragarri bezala, azaroaren 30ean, ostegunarekin, greba feminista orokorra deitu da. Besteak beste, zainduak izateko eta zaintzeko eskubidea aldarrikatuko da, zaintza sistema publiko eta komunitario baten beharra. 

Urtebete baino gehiago pasa da Euskal Herriko Mugimendu Feministak Denon Bizitzak Erdigunean prozesua martxan jarri zuenetik, "zaintza sistema iraultzeko" asmoz. Bide horretan, zaintza sistemaren ezaugarritzearen inguruko jardunaldiak antolatu zituzten, eta 2023ko martxoaren 8an azaroaren 30ean greba feminista orokorra egingo zela iragarri zen. 

Zaintza jarri da, beraz, erdigunean. "Gure ustez, zaintza pertsona guztiendako bizimodu duina eraikitzeko ezinbesteko oinarria da, bizi prozesu osoan ezinbestean behar duguna, baina gaur egungo sistemak zaurgarritasun egoeran jartzen gaitu, bi funtsezko alderdi ez dituelako kontuan hartzen: izaki sozialak elkarren menpekoak garela; eta naturaren osagai garen neurrian, ekologikoki menpekoak garela" azaldu du Sakanako Mugimendu Feministak. 

Sakanako Mugimendu Feministaren irudikoz, kapitalismoak, heteropatriarkatuak eta kolonialismoak krisi ekosozial globala eragin dute. "Bizitza akabatzen duen sistema baten aurrean gaude, bai pertsonen bizitzak, bai natura bera". 

Zaintza irauli
Zaintza zerbitzuak "gero eta pribatizatuago" daudela salatzen du Sakanako Mugimendu Feministak, eta "familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikak" ari direla erabiltzen zerbitzu horiek ez garatzeko. "Eta badakigu gure etxeetan nortzuk hartzen duten zaintza lanen ardura nagusia: etxeko langile gehienak emakumeak dira, bertakoak nahiz beste herrialde batzuetatik gurera etorri direnak". 

Horregatik, "zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua" egin nahi du Sakanako Mugimendu Feministak, 2pertsona guztiek, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin". Azaroaren 30eko greba orokorrean zaintzarako eskubide kolektiboa izango da aldarrikapen nagusienetakoa. 

Greba prestatzen
Sakanako Mugimendu Feminista greba prestatzen ari da, eta sakandar guztiei etorriko diren deialdietan parte hartzeko deia egin die.