Unanuarra jaiotzez, Altsasura ezkondu zen Jesus Senar Aristorena Andra Mari ikastolako irakasle ohia. Ohia, nolabait esateagatik, ikastolari lotuta jarraitzen baitu. Haurrekin sokatira eta herri kirolak lantzen aitzindaria izan zen, eta egun Andra Mariko herri kirol taldeak prestatzen jarraitzen du. Nafarroa Oinezko omenduetako bat izango da.
Zure bizitza, beti, Andra Mari ikastolari lotuta.
Betidanik, eta horrela jarraituko du, berdin-berdin, hil arte.
Noiz hasi zinen irakasle?
1980. urtean. Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko (OHO) irakasle nintzen, tutorea, 3. 4. eta 5. mailetan. Beste irakasle batzuekin txandaka egiten genituen soin heziketako klaseak. Denborarekin, espezializatu eta 1995. urtetik aurrera ikastolako soin heziketako irakaslea izan nintzen.
Beste irakasgaiak ez irakastea –euskara, gaztelera, matematika...– faltan bota al zenuen?
Ez bereziki. Kirola beti izan da nire bizia, elementu garrantzitsua. Gaztetan ere futbolean jokatzen nuen, pilotan... Kirolean denetarik egin dut, eta gustura aritu naiz irakasle. Ikasleei boleibola, hockeya, saskibaloia, herri kirolak... denetatik irakatsi diet.
Ikastetxean herri kirolak lantzean aitzindaria izan zinen. Gainera, haurrendako arautuak ziren txapelketak ez zeudenez, ikastolen artean sokatira txapelketak antolatzen hasi zineten.
Andra Mariko taldearekin Lizarra, Jaso eta Paz de Ziganda ikastoletara gindoazen sokatiran aritzera. Geroago, Gernikara eta Donostiara joaten hasi ginen OHOko 7. eta 8. mailako ikasleekin. Guk berpiztu genituen haurren herri kirolak, garai hartan ez baitziren haur eta gazteen txapelketak egiten. Gaur egun zoragarria da Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen dituen Nafarroako Herri Kirol Jokoetan parte hartzea. Txapelez beteta dugu ikastola. Hiru edo lau txapela ekartzen ditugu urtero.
"Guk berpiztu genituen haurren herri kirolak, orduan ez baitziren haurren txapelketak egiten"
Noiz jabetu zinen herri kirolak sustatzearen beharraz?
Nire gurasoak nekazariak ziren, eta hor lotuta zegoen dena. Abeltzainak eta nekazariak, soroak... beti lotuta egon dira herri kirolekin. Eta horregatik.
Lehendabizi sokatira izan zen.
Bai. Ikastolaren aurreko zuhaitzari soka lotu eta han ibiltzen ginen entrenatzen (kar, kar...). Gutxika, sokatiraz gain, gainontzeko herri kirolekin hasi ginen. Bestalde, ikastolen artean ere Ikaspilota lantzen genuen, pilota topaketak. Gaur egun ere egiten dira.
Munduko txapeldun izan zen Sakana Sokatira Taldea ikastolatik sortu zela esan daiteke.
Noski baietz. Belen eta Nerea Lizarraga ahizpak eta talde hartako tiratzaile gehienak sokatiran ikastolan hasi ziren. Euren entrenatzaile izandako Jokin Razkin arbizuarra ere sokatiran nirekin ibili zen. Elkarrekin landu genuen.
Noiz jubilatu zinen?
2017an. Nire semeak, Mikelek, hartu zuen nire tokia.
Jubilatuta bai, baina Andra Mariko taldeen prestatzaile izaten jarraitzen duzu. Ez dago modurik zu ikastolatik botatzeko.
(Kar, kar...) Ni gustura nago, eta haurrak baita ere. Hori oinarrizkoa da. Gorputzak jarraitzen duen bitartean, segi egurra ematen. Aurrekoan Oinez Erronka Txikian egon ginen. 160 ikaslek parte hartu zuten, eta zoragarri pasa zuten. Herri kirola da kirolik garbiena, gustukoena eta eztabaidarik sortzen ez duena. Kirol sanoa da, eta haurrek izugarri bizitzen dute.
"Orduan eta orain, jendea euskararekin eta ikastolekin kontzientziatuta dago eta Oinezen laguntzen du"
Nafarroa Oinez bezperan gaude. Zenbat bizi izan dituzu?
Guztiak. 1981 urtean egin zen lehenengoa, San Pedron, Iñigo Aritzak eta Andra Marik elkarrekin antolatutakoa. Igandekoa Andra Marik antolatzen duen bosgarrena izango da. Bestalde, Iñigo Aritzako guraso izan naizenez, Iñigo Aritzakoak antolatutako lauretan ere lan egin dugu.
Igandean Nafarroa Oinezera Hotsein egin dizute, baina ekitaldi berezi batera. Omenduetako bat izango zara.
Iñigo zuzendariak esan zidan: “Jesus, irakasle guztion artean pentsatu dugu zu izango zarela omendua”. Pozik eta eskertuta nago, omenaldi berezia delako. Hunkituko al naizen? Baietz pentsatzen dut. Zer esan ere pentsatu beharko dut.
Atzera begirada eginez, zer sentitzen duzu?
Nik aurrera begiratzen dut, etorri behar denari. Berehala herri kirol denboraldia prestatzen hasiko garela... eta halakoak. Gustura nago, ikastolan eta herri kiroletan lanean segitzeko prest. Atzera begiratuta, gauzak zenbat aldatu diren agerikoa da. Nolakoak ziren orduko Nafarroa Oinezak, eta nolakoak oraingoak. Baina orduan eta orain, gurasoak euskararekin eta ikastolekin kontzientziatuta geunden. Eta jendeak ere laguntzen zuen, bai lehendabiziko Oinezean eta baita gaur egunekoan ere.