Sakana lainopean zegoen 15. Olatzagutia Urbasa mendi lasterketa abiatu zenean, baina Olaztiko portua gaindituta, korrikalariek lainoa atzean utzi, eta eguzkiak gogor jotzen zuen Urbasa-Andian. Beroa eta hezetasuna izan ziren korrikalarien sufrikario latzena, jaitsieran bereziki. 115 korrikalarik hartu zuten irteera, tartean juniorrek, aurten lehen aldiz, eta 98 korrikalari sailkatu ziren.
Sutegik antolatutako mendi lasterketak aurten ibilbidea mustu zuen. Aurreko ibilbidea Urbasa Andia Natur Parkeko babes bereziko gunean sartzen zelako (Tontorraundi, Pagadi sorgindua... guneko tontorreria guztia, finean), 14 urtez jarraian egindako ibilbidea aurten ezingo zutela errepikatu azaldu zieten Ingurumen Departamentutik. Horrela, 17,2 km eta 920 m desnibel + duen ibilbidea prestatu zuten, besteak beste Gainsol, Txondorren bidea, Zelai Haundi, Larrakarte eta Morterutxo hartzen zituena. "Galdegiezu korrikalariei, ea zer iruditzen zaien ibilbide berria". Hori zen Sutegiko Fermin Zornozaren kezka nagusia, beste hamaika lanen artean.
Eki Imaz, hasieratik aurrean
Joan zen urteko irabazleak, Eki Imazek, hasieratik hartu zuen aurrea. Lehen tartean Carlos Jimenez araiarra izan zuen bidaide, "baina jaitsieran ihes egitea lortu dut eta bakarrik iritsi naiz helmugara" azaldu zuen aita olaztiarra duen 23 urteko aguraindarrak. Aurten ikusle gehiago bildu ziren Urbasan, mendian, eta baita helmugan ere, eta txalo zaparrada artean iritsi zen Imaz (1:29:14). "Hasiera batean orain arteko ibilbidea gustukoagoa nuen, baina berria nahiko antzekoa da, zati asko berberak dira. Publikoarendako hobea da, lasterketa mendian jarraitzea errazago dutelako. Beraz, ongi. Oso gustura ibili naiz" aitortu zuen. 31 segundo atera zizkion Ibai Primiciari, eta Carlos Jimenez hirugarren sailkatu zen (1:30:42). Helmugan laugarren sailkatutako Asier Palacios altsasuarrari lehen sakandarraren saria eman zioten (1:32:50), eta lehen beteranoa Sergio Serrano izan zen, helmugan bosgarren (1:34:22).
Izaskun Beunzarendako, hobeki
Izaskun Beunza oso pozik zegoen bigarren aldiz etxeko lasterketa irabazi izanagatik (1:49:00). 2 minutu eta 23 segundo atera zizkion Andrea Garayri, eta Erika Alvarezek osatu zuen podiuma (1:52:39). Lehen beteranoa emakumezkoetan laugarren iritsitako Gema Olave izan zen (2:00:19).
Beunzak aitortu zuen ibilbide aldaketa hobeki datorkiola. "Aurrekoak zati teknikoagoak zituen; jaitsierak oso teknikoak ziren, Tontorraundikoa esaterako, eta ohituta ez nagoenez, tarte horietan gehiago kostatzen zitzaidan: beldurrez ibiltzen nintzen. Ibilbide berria oso polita iruditu zait, aurrekoa baino azkarragoa, eta korrika egiteko hobea. Helburua zen ahalik eta azkarren gora iristea, korrika egiteko erosoagoak diren tarte horietan hankak ongi euki eta abantaila hartzeko. Eta nahiko ongi atera zait" azaldu zuen.
Ibilbidean "jende pila bat" zegoela gaineratu zuen, "baita helmugan ere". "Hau da nire garaipenik politena, etxekoa. Herrian sartzean eta jendea txaloka ikustean hunkitu egiten naiz". Hezetasuna nabarmendu zuen. "Normalean ez naiz hornidura guneetan gelditzen, baina gaur guztietan gelditu naiz ura edatera". Proba nagusia jokatzen zen bitartean, 38 neska-mutikok txikienen lasterketetan parte hartu zuten.
Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria
Etxarri Aranazko Udaberri elkarteak antolatutako Mendira Joan Etorriak 48. edizioa zuen aurtengoa. Aspaldiko apustuetan oinarritutako lasterketa bere horretan mantentzen da. Etxarri Aranazko plazatik abiatuta, Urbasa Andiako Bargan gora egin eta Hartzabalera heltzea da erronka, Maiatza jartzen den tokira. Han buelta hartu, eta Etxarriko plazara iritsi behar dira korrikalariak (10 km, 572 m desnibel +). Feriak ospatzen direnez, giro ezin hobea izaten da plazan, eta korrikalariei egiten zaien harrera ikusgarria izaten da. Baita aurtengoa ere.
Beroa
Bezperan Olaztin gertatu moduan, bero latza jasan behar izan zuten korrikalariek. Beroa are nabarmenagoa zen Etxarri Aranatzen, proba ordu bat beranduago hasi zelako, 11:00etan. Gainera, "proba laburra baina oso esplosiboa" da ferietakoa, korrikalarien esanetan, eta asko lehertuta iritsi ziren helmugara.
Errekorretatik urrun
Aurten Mendira Joan Etorriak txapeldun berriak izan zituen, Arronizko Jesus Mari Alegria (45:32), eta Castañedon (Kantabria) bizi den Inma Pereiro bizkaitarra (1:01:36). Alegria 2001. urtean Juan Mari Garinek ezarritako errekorretik (42:50) nahiko urrun geratu zen. Emakumezkoetan azken bi urteetako txapeldun Maria Ordoñezen falta izugarri nabaritu zen Etxarri Aranatzen, Ordoñezek azken bi urteetan Joan Etorriko errekorra apurtu baitzuen, marka berria ezarriz (51:28). Pereirok Ordoñezek baino 10 minutu gehiago behar izan zituen proba osatzeko, atera kontuak. Maria Ordoñezek berriki Uharte Arakil Beriain Km Bertikala irabazi zuen, baina ezin izan zuen Etxarri Aranatzen parte hartu.
Jesus Mari Alegriaren atzetik, minutu batera, Ander Amezketa murietarra sartu zen (46:52). Iñigo Lasarte lekunberriarrak osatu zuen podiuma (47:07). Lehen sakandarra Aritz Munarriz etxarriarra izan zen, sailkapen absolutuan bosgarren (49:18). Gertu Ekhi Congil etxarriarra ibili zen, sailkapen absolutuan zazpigarren (49:46). Lehen beteranoa lasterketan laugarren sailkatu zen Mikel Beunza izan zen (47:39). Alkozko korrikalariak duela bi aste Uharte Arakil Beriain Km Bertikala irabazi zuen.
Emakumezkoetan, Inma Pereiro beteranoaren atzetik Marina Zabala gazte lakuntzarra sartu zen (1:0151), 15 segundora. Bera izan zen probako lehen sakandarra. Hirugarren emakumea Eneritz Karasatorre sartu zen (1:03:58), lehen etxarriarra.
24 etxarriar
Joan Etorria Etxarri Aranazko ferietan jokatzen da, parranda eta jai giroa tarteko dela, baina hala ere harritzekoa da zenbat etxarriarrek parte hartzen duten bertan. Aurten 24 sailkatu ziren. Etxarriarrendako herriko proba erronka da, eta askok parrandaren gainetik jartzen dute. Aurreko edizioetan bezala, Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria zen Udaberrik antolatutako proba.
Sari ematea plazan izan zen. Irabazleek txapelak jaso zituzten, eta gainontzekoendako ere sariak eta oroigarriak izan ziren.
Estarriaga ikusgarri Donostian
Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria jokatzen zen bitartean, 1.506 korrikalarik lortu zuten Zurich Donostiako Maratoi Erdia (21 km) despeditzea. Irabazleak Abderrahmane Aferdi (1:02:56) eta Irene Pelayo (1:14:21) izan ziren. Asier Estarriaga etxarriarra ikusgarri aritu zen eta Top 20an sailkatu zen, hemezortzigarren (1:14:11).
Olatzagutia-Urbasa, sakandarrak
Lasterketa absolutua (17,2 km)
Gizonak
1. Eki Imaz 1:29:14
4. Asier Palacios 1:32:50
6. Gorka Acebes 1:34:33
30. Patxi Cano 1:52:23
32. Iraitz Berastegi 1:52:58
37. Fran Araña 1:54:12
40. Unai Razkin 1:54:34
41. Kepa Gordo 1:54:37
42. Santi Galarza 1:54:54
43. Juan Garziandia 1:54:54
44. Iñaki Garcia 1:55:37
45. Egoitz Aldaz 1:55:51
55. Asier Amiama 1:59:11
58. Santi Agirre 2:00:50
69. Ruben Izko 2:04:57
70. Iurgi Flores 2:04:57
71. Asier Leiza 2:05:33
72. Mikel Galarza 2:06:43
74. Igor Maiza 2:07:32
75. Ismael L. De Goikoetxea 2:08:26
78. Iker Zeberio 2:11:10
80. Mikel Solas 2:11:41
84. Andoni Barrena 2:15:11
85. Alberto Arrizabalaga 2:15:31
88. Asier Iparragirre 2:23:21
90. Eneriz Besga 2:30:32
91. Raul Mendoza 2:30:35
92. Juanjo Otsoa 2:30:36
93. Asier Agirre 2:30:38
95. Iñaki Ganuza 2:36:25
Emakumeak
19. Izaskun Beunza 1:49:00
65. Ainhoa Markinez 2:02:17
86. Marta Irañeta 2:15:51
48. Mendira Joan Etorria, sakandarrak
Lasterketa Absolutua (10 km)
Gizonak
1. Jesus Mari Alegria 45:32
5. Aritz Munarriz 49:18
7. Ekhi Congil 49:46
8. Juan Larrea 50:33
17. Beñat Anda 55:24
21. Alber Razkin 56:38
23. Andoni Goikoetxea 56:47
27. Joseba Galarza 57:59
30. J. Daniel Lakuntza 58:42
32. Carlos Mañeru 59:00
36. Jon Mendia 1:00:31
38. Kepa Gordo 1:00:44
39. Iosu Jaka 1:01:01
40. Unai Kintana 1:01:01
41. Oihan Barandalla 1:01:05
42. Ibon Ubeda 1:01:20
47. Jon Zabaleta 1:01:45
48. Iñaki Agirre 1:01:46
49. Izai Mauleon 1:01:46
56. Jon Igoa 1:03:53
61. J. A. Salgado 1:06:52
65. Marcos J. Rocha 1:08:43
67. Aimar Araña 1:08:52
68. Rafa Lakuntza 1:09:25
70. Araitz Jaka 1:09:57
77. Kimetz Arregi 1:20:10
80. Antton Igoa 1:21:16
Emakumeak
44. Inma Pereiro 1:01:36
50. Marina Zabala 1:01:51
57. Eneritz Karasatorre 1:03:58
66. Saioa Araña 1:08:51
72. Erkuden S. Martin 1:11:44
73. Nerea Martinez 1:13:26
75. Sarabe Arakama 1:13:50
78. Eider Jaka 1:20:23
82. Inge Zelaia 1:21:36
84. Madi Lizarraga 1:32:07