Itoizko urtegiaren proiektua geldiarazteko Itoizko eta Artozkiko herrien defentsaren hogeigarren urteurrena bete da aurten. "Ehunka lagunek jarraitu zioten Itoitzekiko Solidarioak taldearen deiari, modu batera edo bestera, herri horiek defendatzeko", azaldu zuten 'solidarioek' urriaren 2an, Iruñeko Geltokin egindako prentsaurrekoan. Haietako bat ArtozkiArtezki proiektua izan zen, "herri sorkuntzarako, kulturarako eta arterako gune bihurtzekoa". Artozkiko eliza museo "bizia" bihurtu zen, eta hogeita hamarretik gora artelan, argazki, liburu eta disko bildu zituzten. Besteak beste, Jose Ramon Anda Goikoetxearen eskultura bat eta Koldo Arnanz Zufiaurre, Dora Salazar Romo eta Beatriz de la Vega altsasuarren koadroak zeuden.
Galdutako 31 artelanetatik hamalau berreskuratu dituzte
"Sormenerako gune hori eta herri guztia 2003ko irailaren 30eko goizaldean suntsitu zuten, foruzainak eta guardia zibilak sartu zirenean hondeamakinekin batera. Bi egunez tinko iraun zuen erresistentzia indargabetuta eta herriko etxe guztiak bananbanan hondakin bihurtuta". Aurretik poliziak artelanak elizatik atera zituztela azaldu zuten, "haietako batzuk, gutxienez, urteetan egon dira bulego ofizialetan". Bi hamarkada beranduago, "modu anonimoan", hamalau artelan eman dizkietela jakinarazi zuten 'solidarioek'. Urriaren 10era arte Geltokin egonen dira ikusgai, eta urriaren 20tik aurrera Agoizko kultur etxean.
Obrak berreskuratu ondoren, "hainbat gogoeta" azaldu zituzten 'solidarioek'. Alde batetik, artelanek "urte hauetan Irati eta Urrobi ibarretako biztanleek eta makroazpiegitura honen kontra geundenok" jandakoaren "metafora krudela" esan zuten. Bestetik, onartezintzat hartu zuten "artelan horien kontrolean zabarkeriaz eta utzikeriaz" jokatu izana: "Hamalau berreskuratu ditugu, baina non daude gainerakoak? Zer gertatu da haiekin? Zein ziren obra horien zaintza katearen arduradunak?". Galdera hauek erantzutea eskatu diote Nafarroako Gobernuari, "eguna iristen denean eta jada erreskatatutakoekin batera Artearen, Memoriaren eta Lurraren Defentsaren Museoa osa dezake, Itoizko urtegiak suntsitutako ibar eta herrien memoria gordetzeko, Picassoren Gernika margolanak egiten duen bezala". "Gerrako harrapakin gisa" kendu zizkieten gauzen arpilatzea salatu zuten ere.
Urak hartutako herrien defentsaren hogeigarren urteurrena "ez dela artelanen aldarrikapenera mugatuko" gogoratu zuten ere.