Udal hauteskundeen ondoren, toki erakundeak eratutakoan, udalez gaindiko erakundeen osaketaren txanda iristen da. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren txanda joan zen ostiralean, lastailaren 6an, izan zen. Zuzendaritza aukeratzeko Batzar Nagusi Berezia egin zuten, eta Nafarroako toki entitateetako 300 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten. Zuzendaritzarako hiru hautagai aurkeztu ziren: Xabier Alcuaz Andueza (EH Bildu), Alejandro Toquero Gil (UPN) eta Maria Lekunberri Bonilla, Tafalla, Tutera eta Barañaingo alkateak hurrenez hurren.
Alcuazek 755 boto haztatu lortu zituen, Toquerok 443 eta Lecumberrik 40. Lehenengo bozketan federazioko kideen (774) boto haztatuen gehiengo osoa ezinbestekoa zen. Hala ere, hiru hautagaitzek bigarren bozketari uko egin eta lehenengoaren emaitzak onartu zituzten. Toquerok eta Lekunberrik lehenengo eta bigarren lehendakariordetzak eskuratu zituzten, estatutuei jarraiki, lehendakaritza eskuratzen ez duten hautagaitzek lehendakariordetza eskuratzen baitute.
Saio berean, Batzarrak Federazioko Batzorde Betearazlearen gainontzeko kideak ere hautatu zituen. Bederatzi arlotako ordezkariak aukeratu zituzten. 3.000 biztanletik beherako udal bakunen ordezkarietako bat izanen da Unai Razkin Iriarte, Irurtzungo alkatea. Beste entitate batzuk ordezkatuz Silvia Sesma Nazabal dago, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ordezkari gisa.
Zeregina
Federazioaren egitekoen artean daude, besteak beste, toki erakundeen interesak babestu eta sustatzea, bereziki, toki entitateen autonomiaren alde eginez. Bestalde, toki entitateen eta kolektibitateen interesen ordezkaria da erakunde politiko eta administratiboen aurrean. Gainera, azterlanak sustatu eta egiten ditu toki erakundeen arazoak ezagutzeko.
Bozketak baino lehenagoko hitzaldian, Alcuazek toki maparen berrantolaketa garatzea eta Federazioan toki entitateen parte-hartzea sustatzea aurkeztu zituen erronka gisa. "Adostasun eta akordio berriak beharrezkoak izanen dira Nafarroako toki entitateek aurre egin behar dieten erronka handiei aurre egiteko, esaterako, tokiko plantaren berrikuntza, despopulazioa, lurralde kohesioa, energia trantsizioa eta berdintasuna edo euskara". Gizarte zerbitzuak indartzearen alde ere egin zuen. Nafarroako udalgintza defendatu, aldarrikatu eta balioetsi zuen.