Osasun etxeak erakusketa gela

Guaixe 2023ko urr. 17a, 09:00

Argazkietako batzuk Altsasuko osasun etxeko pasabiden daude ikusgai.

Lastailan zehar Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak adimen osasunari buruzko argazki lehiaketara aurkeztutako irudiak eta haiek laguntzen dituzten testuak ikusgai izanen dira antolatzailearen egoitzan eta ibarreko hiru osasun etxeetan.

Altsasu, Olazti eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Altsasuko osasun etxearekin lankidetzan, adimen osasunari buruzko argazki lehiaketa antolatu zuen udan. Emozio ongizatea irudikatzen, zer da ongi sentiarazten zaituena? leloa zuen lehiaketak. Yolanda Ormazabal Arratibel gizarte langileak azaldu duenez, "lehiaketaren helburua zen adimen osasunari buruzko irudi positiboa zabaltzea. Gaixotasun psikiatrikoaz haratago doan ikuspegia gizarteratu nahi genuen lehiaketarekin eta, alde horretatik, lehiaketak auto zaintza eta emozio ongizatea hartzen zituen barne". Bestela esanda, "ondo sentiarazten gaituzten gauzei, lekuei, pertsonei eta abarrei buruzko irudiak saritu nahi zituen lehiaketak". Bestetik, lehiaketak "adimen osasunaren gaia gizarteratzeko" bide gisa baliatu dute. "Orain arte urtero jarduera bat egiten genuen. Mahai-inguruak, hitzaldiak eta halakoak izan dira. Baina formatua aldatzea erabaki genuen eta argazki lehiaketa antolatu genuen", azaldu du Ormazabalek.

Lehiaketara argazkiak aurkezteko gonbidapena 18 urtetik gorakoei egin zieten. Bi hilabetez zabalik egon ondoen irudiak eta testuak jasotzeko epea agorrilarekin batera itxi zen, eta, guztira, 56 argazki aurkeztu dira, "parte hartzea polita da, pozik gaude jendearen erantzunarekin", esan du gizarte langileak. Lehiaketara aurkeztutako argazkiak Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeetan eta Altsasu, Olazti eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen egoitzan ikusgai izanen dira lastailean. Irudiarekin batera egileek argazkiaren deskribapen idatzi labur bat aurkeztu zuten lehiaketara. Eta biak izanen dira ikusgai erakusketan, argazkia eta hura laguntzen duen testua. Ormazabalek azaldu duenez, "ez dakigu lehiaketak segituko duen, lantaldean aztertuko dugu". 

Bestalde, lastailaren 6an antolatzaileen egoitzan sari banaketa egin zen. Aurreneko saria, 200 euro, Estibaliz Salinas Burillorendako izan da. Bigarrena, 150 euro, Tiscar Duran Guiradorendako eta atzenekoa, 100 euro, Rakel Muñoz Agirrek eskuratu du.