Foru administrazioak udal musika eskolendako dirulaguntzen deialdia ebatzi du. Deialdiak zituen 3,2 milioi euroetatik 128.596,81 euro, %4,01, jasoko dute Sakanako bost musika eskolek, joan zen urtean baino 6.822,28 euro gehiago. Hezkuntza Departamentuak emandako laguntza hori musika eskoletan udalek egindako inbertsioa ordaintzeko erabiliko da. Ordainketa bi epetan eginen du departamentuak. Berez, musika eskolen aurrekontuaren heren bana udalarena, Hezkuntza Departamentuarena eta ikasleena izan beharko luke. Baina gobernuak ez du dagokion zatia ordaintzen.
Sakanako bost musika eskolek 947.920,26 euroko aurrekontua dute eta haren %13,57 jaso dute bakarrik. Beraz, udalen eta ikasleen bizkar gelditzen da musika eskolei eustea. Diru banaketa egiterakoan ere hainbat elementu sartzen dira baremazioan, besteak beste: ikasle kopurua, haien adina, ikasitakoa, ikasleek goi ikasketak egiten segitzea edota ikasturteko ikasgai kopurua.
Udal musika eskolendako dirulaguntza | |||
Udala | Eskolen aurrekontua | Dirulaguntza | Laguntza aurrekontuaren % |
Irurtzun | 174.270,00 | 37.241,99 | 21,37 |
Lakuntza | 140.896,80 | 15.599,89 | 11,07 |
Etxarri Aranatz | 168.785,10 | 33.551,93 | 19,88 |
Altsasu | 421.596,36 | 28.079,80 | 6,66 |
Olatzagutia | 42.372,00 | 14.124,00 | 33,33 |
Guztira | 947.920,26 | 128.597,61 | 13,57 |