Etxarriko Gizarte Zerbitzuek eta Biak Batek hitzarmena sinatu dute

Guaixe 2023ko urr. 18a, 09:37

Jendea Biak Bat elkartearen egoitzatik ateratzen. ARTXIBOA

Garapenean zailtasunak dituztenei animaliek lagundutako terapia programan parte hartzeko erraztasunak emanen dizkie akordioak.

Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Biak Bat elkarteak hitzarmena sinatu dute. Haren bidez elkartearen Lau zango, milaka irri programa mankomunitatearen eremura zabalduko da, hau da, Lakuntza eta Urdiain artera. Garapenean zailtasunak dituzten haur, gazte eta familiei zuzendutako programa hori animaliek lagundutako terapia programa berritzailea da. Elkartetik adierazi dutenez, “animaliek ez dute aurreiritzirik, ez dute diagnostiko batekin lan egiten eta ez dituzte haurren arazoak ikusten”. 

Biak Bat elkarteak programa 2015ean abiarazi zuen, eta 2017an Burundako mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin hitzarmena sinatu zuten. Beraz, gaur egun Lakuntza eta Ziordia arteko udalerriak bere baitan hartzen ditu. Programak aipatu udalerrietako 6 hilabete baino gehiagoko herritarrek baliatu dezakete, beti ere, gizarte zerbitzuetako erabiltzailea badira eta gizarte esku hartze batean barruan badaude. Terapia saioen ordainketa, errenta aitorpenaren arabera eginen da eta zati bat familiak ordainduko du eta bestea Gizarte zerbitzuek. Hitzarmenek programetan parte hartzeko dirua traba ez izatea erraztu dute.  

Bestelakoak 
Elkarteak ikasturte honetan bi berrikuntza ditu. Alde batetik, familia eskola. “Pertsonan ardaztutako arreta integrala pertsonaren bizi-kalitatearen eta ongizatearen arlo guztietan hobekuntzak lortzera” zuzenduta dagoen saioa da, “bere duintasun eta eskubideen, interes eta lehentasunen erabateko errespetuan oinarrituta eta haien parte hartzearekin kontatuz”. Pertsonan zentratutako arreta integralaren oinarriak eta tresnak ezagutzeko saioa Biak Bat elkarteko familiei zuzendua eta interesa duten beste familiei irekia da. Elkartearen egoitzan hilaren 21ean izanen da. 

Beste aldetik, boluntario trebakuntza saiok antolatu ditu elkarteak, jokabideari lotutako laguntza positiboan emateko. Haietan izena ematen dutenek honako gaiak ikasiko dituzte: jokabideari lotutako laguntza positiboaren oinarrizko printzipioak, ebaluazioa eta behaketa, prebentzio neurriak eta krisi egoeretan esku hartzea nola egin. Saioak azaroaren 18an eta ilbeltzaren 20an izanen dira, goizez. Elkartearen egoitza fisikoan edo birtualean eman daiteke izena.