Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzua sexu eta genero aniztasunaren gaia Sakanara hurbiltzeko 2020. urtean Askotariko Sakana, aniztasuna erein programarekin hasi zen. Urte hauetan aniztasunaren inguruko zenbait hitzaldi, dokumental eta emanaldi izan dira Sakanan zehar, eta aurten ere, Nafarroako Gobernuko LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetzaren laguntzarekin, Askotariko Sakana, aniztasuna erein programa jarriko du martxan urriaren 19tik 29ra. Hiru herritan izanen dira ekimenak: Etxarri Aranatz, Urdiain eta Lakuntza.
'Askotariko Sakana, aniztasuna erein' programaren egitaraua
Urriak 19 osteguna (BERTAN BEHERA)
18:00, Etxarri Aranazko kultur etxea
Sexu aniztasuna hirietatik at Hiruki larroxa taldearen hitzaldia-tailerra, euskaraz, eta Noiz bukatzen da armairua? Hernaniko azken 50 urteetako LGBT memoria ariketa 1969-2019 liburuaren eta honen jarraipena den Armairutik Plazara! dokumentala eta ikastetxeetarako proposamen didaktikoaren aurkezpena.
"Sexu aniztasunak urteetan sortu duen hausnarketa eta praktikak herrietan ere egitea falta da. Sexu askapenaren diskurtsoak bertako komunitateak busti behar ditu, gutxika-gutxika, bertako dinamikak sozialak galdekatuz eta irauliz. Alegia, bailaraz bailara eta herriz herri, sexu askapenean oinarritzen den aniztasun hori landuz. Aniztasun hori txikitatik bizi badugu naturaltasun osoz, pentsamendu eta komunitate askeak sortzeko eta bizitzeko aukerak biderkatzen dira. Beraz, gaur egungo helduok adimenak askatzetik, familiako eta komunitateko txikienei aniztasuna bera balore bezala irakatsi eta erakusteko aukera zabaltzen digu. Horretarako batera egin beharko dugu lan guraso, familia, hezitzaile, militante, tabernari, dendari, mediku eta orohar herritar orok".
Urriak 20 ostirala
18:30, Urdiaingo liburutegia
Aniztasunaren aldeko ipuinen maleta kuxkuxeatzen ekimena: Skolae-ko maleta ibiltariak ezagutu eta kuxkuxeatzeko aukera izanen da.
Urriak 29 igandea
18:00, Lakuntzako kultur etxean
Futbolariak eta printzesak antzezlanaren emanaldia, EIDABEren eskutik, euskaraz.
"Odei eta Lur klasetik ihes egin duten neska eta mutila dira. Besteengandik ezberdin sentitzen dira, ez dituztelako neska ala mutil bati egozten zaizkion arauak bete nahi. Lurrek, Lur izan nahi du eta Odeik, Odei, inork esan gabe nola jokatu behar duten; mutila izateagatik futbolean jokatu behar duen ala neska izateagatik printzesak atsegin behar dituen. Topiko sexistekin hautsi nahi duen haur eta gaztetxoentzako komedia azkarra. Esketx moduko eszena laburretan zehar, parekidetasunean bizitzea zailtzen duten egoerak umorez agerian utziko dituzte, antzerki jolasa eta musika lagun dutela". Aktoreak: Jon Zubiaga Osoron, Olatz Pagalday; testua eta zuzendaritza: Galder Perez.