Barnekaldeko paisaiak

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urr. 17a, 12:35

Koldo Arnanz Zufiaurre artista tailerrean.

Koldo Arnanz Zufiaurrek 'Nire barnekaldiak' erakusketa mustu du Pikuxarren. Artista altsasuarrak "barruan" dituen "istorioak eta paisaiak" islatu ditu inpresionismoa oinarri izanda. Erakusketa urriaren 31ra arte egonen da ikusgai Irurtzungo tabernan.

Altsasuko tailerrean Altsasuko Arte Azokan aurkeztuko duen koadroan lanean ari da Koldo Arnanz Zufiaurre artista. Paisaia bat da, baina inon ikus daitekeen paisaia bat. Duela "bizpahiru" urte hasi zuen prozesu berriarekin jarraituz, "barruan" duena kanporatzen ari da altsasuarra. Emaitza kolorez betetako paisaia espresionistak dira. Urriaren 3tik 31ra arte, Irurtzungo Pikuxar tabernan, Nire barnekaldiak Arnazen bederatzi margolanez osatutako erakusketa ikus daiteke. 

Erakusketaren izenburuak nahiko argi uzten du: barnekaldiak. "Nire barrutik atera dudana da, bizitzan zehar zurrupatu dudana kanporatzea. Proiektu hau aspalditik nuen buruan, baina aparkatuta gelditu zen". Duela zenbait urte industria ondarearen inguruko proiektu batekin hasi zen, eta "nahiko nekatuta nengoen, gehiago sufritu nuen horrekin". Duela zazpi bat urte eten bat izan zuen, eta margotzera itzuli zenean proiektu honetan sartu zen: "Nire estiloa da, espresionismo hutsa. Buru belarri sartu nintzen aldatu nahian". Pastel margoekin "ikertzen" hasi zen, "nahiz eta ikertzen jarraitzen dudan, hori ez da inoiz uzten", eta oleoetara pasatzeko "gogoa" zuen artistak. "Oleoekin disfrutatzen dut eta erosoago mugitzen naiz". 

"Barruan ditudan paisaiak dira, baina transformatzen ditut; ez dira errealak"

Arnanz mendizalea da eta mendia "betidanik" gustatu izan zaio; bizitzan zehar ikusi dituen paisaiak islatzen ari da orain mihisean. "Barruan ditudan paisaiak dira, nire istorioak, baina transformatzen ditut; ez dira paisaia errealak". Koadroetan ikusten diren "hainbat elementu" ezagunak egin daitezke, baina "koloreekin eta formekin jolasten dut, espresionismoaren munduan". 

Artistaren proiektu pertsonalena dela esan daiteke. "Oinarrian" Alemaniako espresionismoa dago: "pila bat gustatzen zait, De Kooning, Max Pechstein, Franz Marc eta Euskal Herrian Zumeta espresionismo abstraktuaren barruan, esaterako". "Betidanik" jarraitu ditu altsasuarrak, "baina gero sortzen hasten naiz eta nirea egiten dut". 

Espresionismoa 
Artistaren ibilbidean etapa berri bat markatzen du Nire barnekaldiak ere. "Bestea aparkatu nuen dena eten zelako. Baina ez nuen horrekin jarraitu nahi. Txikitatik gustatu izan zaidan zerbait zen, industria ondarea, baina nik horrela funtzionatzen dut; etapa bakoitzean interesatzen zaidana lantzen dut. Ez naiz merkatuan dauden gauzekin eta abarrekin presionatzen". Barrutik sortzen zaiona egiten du. 

Industria ondarearen proiektuarekin hasi aurretik Castillo Suarez idazlearekin Mugarri estaliak proiektua landu zuen Arnanzek. "Hori ere nire estiloa zen, espresionismoa, baina oraingoan nire gaia landu dut". "Koloreak" dira artistaren zeinuetako bat, "lantegiekin pixka bat moteldu nintzen, gaia horrekin nolabait behartu nuen nire burua hainbeste ez erabiltzera, baina koloreekin jolastea gustatzen zait". Beldurrik gabe koloreak erabiltzen ari da orain. "Nire tokira itzuli naiz, ez dut esaten besteetan ez nengoela, baina gehiago disfrutatzen ari naiz". 

Bizitutako esperientzien bozeto batekin hasten da dena. "Hasierako lana eta bukaerakoa bada eta ez da". Arkatz margoekin eta argizariekin bozetoa egiten du, eta bertan islatutakoa mihisera eramaten du, "koloreekin eta formekin jolasten hasten naiz eta gauzak aldatzen joaten dira. Normalean margotzen ari naizenean ez dakit noiz eta nola bukatuko den koadro bakoitza". Denborari dagokionez azaltzea "ezinezkoa" dela aipatu du artistak: "bi hilabete, bat edo lau izan daitezke. Lanak behar duena". Orain urriaren 20an mustuko duten Arte Azorako koadro batean lanean ari da. 

Paisaiak
Nire barnekaldiak erakusketaren haria "estiloa eta gaia" dira. "Gauza desberdinak daude, baina paisaietan oinarritzen naiz. Normalean mendiko paisaiak dira eta ura agertzen denean ez da ondoratzen; lakuak dira". Pirinioetan askotan ibili izan da Arnanz, eta ikusten duen hori buruan gorde eta gero obretan islatu du. "Nire xedea koloretsua izatea zen. Espresionismoa bultzatzea eta barneko gauzak kanporatzea". Erakusketarako hautaketa egitea "erraza" izan dela esan du, Pikuxarreko horma txurietan bere lanen koloreak nabarmentzen direlako. "Muntatzen egon ginenean jendeak esaten zuen espazioak asko irabazten zuela. Ezer ez egotean kolore horietan nabaritzen da".


Pikuxarreko 'Nire barnekaldiak' erakusketaren bi koadro. PIKUXAR

Pikuxarren "kontzeptua" gustatzen zaio Arnanzi: "Herriaren erdia, herriak egina, eta kulturalki mugitzen dira".