Larrialdi zerbitzuek lana izan zuten

Guaixe 2023ko urr. 16a, 10:27

Zauritutako eskalatzailea helikopteroz Irurtzunera eraman zuten osasun arta jasotzeko. UTZITAKOA

Mendizalea erreskatatu eta trafiko ezbeharrak izan ziren, horietako bat sai batek eragindakoa

Auto bat bidetik atera zela jakinaraziz deia jaso zuen SOS Nafarroak ostiral goizean. NA-2410 errepidean, Ziordiko industrialde parean, auto batek ezpondan bukatu zuen. Hara Altsasuko osasun etxeko medikua eta erizaina, medikudun anbulantzia, helikopteroa, suhiltzaileak eta foruzainak joan ziren. Suhiltzaileek 54 urteko gidaria autotik atera ondoren Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten helikopteroz. Foruzaingoak ikertu zuen ezbeharra. Foru poliziak zabaldu zuenez, istripua konorte galeragatik izan zitekeen. 


Ezbeharraren ondorioz autoak bazterra jo zuen. @Policiaforal_na

Mendizalearen erreskatea
Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldeak lana izan zuen Biahizpen. Ahizpa txikiko Txemi bidea osatzen ari zen eskalatzaile batek min hartu zuen. Bidearen goiko partean izan zuen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuak gaztigatuta, suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldeko kideak helikopteroz joan ziren, haietako bat sokaz lagunduta mendira jaitsi eta eskalatzailea askatu eta helikopteroz menditik atera zuten. Irurtzunen lur hartu zuen

Putreak eragindako istripua 
Sai batek anbulantzia bateko aurreko kristala hautsi zuen asteazkenean. Gasteizerako bidean zihoan anbulantzian gidaria zegoen bakarrik. Bakaiku eta Iturmendi artean zihoala, sai talde bat autobia bazterretik hegan atera eta haietako batek anbulantziarekin aurrez aurre jo zuen. Kolpearen ondorioz putreak anbulantziaren aurreko kristala hautsi zuen, kopilotuaren parean, eta anbulantzia barruan bukatu zuen. Onik zegoen baina susto handia hartu zuen gidariak ibilgailua gelditzea lortu zuen eta larrialdi zerbitzuari hots egin zion. Foruzaingoak istripuaren nondik norakoak ikertu zituen eta Animalien Babesletzako langileak bizirik zegoen putreaz arduratu ziren. 


Saiak anbulantzia barruan bukatu zuen. UTZITAKOA