Nafarpresek etorkizuneko erronkak aztertu ditu

Guaixe 2023ko urr. 17a, 12:00

Nafarpresen jardunaldiak. UTZITAKOA

Nafarroako tokiko hedabideen elkarteak Iruñean egindako jardunaldian, besteak beste, digitalizazioa eta Adimen Artifiziala izan zituzten aztergai. 

Guaixe bazkide den Nafarpresek, Nafarroako tokiko hedabideen elkarteak, II. tokiko prentsaren jardunaldia antolatu zuen Iruñean astelehenean. Jardunaldiaren helburua zen, batetik, Nafarroako toki prentsari ikusgarritasuna ematea, eta, bestetik, sektoreko profesionalek bere etorkizuneko erronkak aztertzeko topagune izatea. Toki hedabideetako nahiz komunikazio-agentzietako profesionalek, sare sozialetako kontuen arduradunek eta Komunikazioko ikasleek parte hartu zuten saioetan. Haiekin batera izan ziren Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilari Felix Taberna, bai eta foru administrazioko Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusi Miguel Moreno ere. Euskarabideako zuzendari gerente Javier Arakamak ere parte hartu zuen jardunaldian. 

Aurreneko saioan, Imeanticipa enpresa nafarrak eginiko Nafarroako tokiko prentsaren gaineko lehenengo azterketa aurkeztu zuten. Ikerketa horren ondorioak oinarri gisa baliatu ziren toki prentsaren egungo eta etorkizuneko erronken gaineko eztabaidarako. Horien artean nabarmendu ziren digitalizazioa eta Adimen Artifizialaren tresna berrien aprobetxamendua.

Txostenak eta tailerrak
Jardunaldian partekatutako lehenengo txostena Zaragozako Unibertsitatean Ekonomia Aplikatuko irakaslea Luis Antonio Saez Perezek aurkeztu zuen: Hedabideak landa-garapenean. Birdefinitzen ari diren harremanak izenburupean. Jarraian, Ana Lopez Jimenezen txanda izan zen. Bera kazetari mugikorra izateaz aparte, mugikorrarekin edukiak sortzen dituen ekoizlea ere bada. Lopezek berak Mugikorra toki informazioa egiteko tresna bezala saioa eskaini zuen. Komunikazio mota berriak artikulatzeko aldaketa teknologikoen nahiz horien aukeren gainean hausnartu zuen. 

Arratsaldean, bi tailer izan ziren. Aurrenekoa Adimen Artifiziala eta hau nola aplikatu edukien sorreran izenburukoa izan zen.  Joan Martinezek eman zuen. Bera Enpresa Ikasketetan diplomatua da, Bartzelonako Enpresa Administrazio Eskolan Marketingean eta Enpresen Administrazio Masterrean espezializatuta dago, eta MarfiCom online marketin eta komunikazio agentziaren sortzaileetako bat da. Bigarren tailerra, Iñaki Iturbe diseinatzaile grafikoak eskaini zuen: Nafarpres aldizkari inprimatuen diseinuaren analisia eta maketazioa. Iturberen tailerrak elkartearen argitalpenak aztertu zituen, eta akabera eman zion jardunaldiari.

 

Tabernaren esanak 
Jardunaldiaren irekieran, Tabernak hitza hartu zuen tokiko prentsaren garrantzia aldarrikatzeko: “gure herrien kalitate demokratikorako balio gisa eta lurralde-kohesiorako motor gisa, auzokideen arteko lankidetza-harremanak eta tokiko ekonomiari babesa ematen dion alderdia da”. Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariak nabarmendu zuenez, “komunikaziorik gabe, ez dago komunitaterik. Tokiko prentsa izaten da komunitateak suspertu ohi dituen itsasgarria. Toki prentsarik gabe ez genuke boluntariotza erakarriko; tokiko prentsarik gabe ez legoke tokiko negoziorik; eta tokiko prentsarik gabe ez legoke auzotasunik”. 

Tabernak ziurtatu zuenez, gezurren eta ‘fake news’ izendatuen garaietan, tokiko kazetaritzak “kilometro zeroko informazioa ekartzen du, berrien egiatasuna bermatuz. Zalantzazko garaien eta egonkortasunik gabeko bizitzen mundu batean bizi gara. Gizakiak konfiantzaren beharra du; irakurtzen duenarekiko konfiantza, gobernatzen duenarekiko konfiantza, bere auzokidearekiko konfiantza. Eta konfiantza agerikoa izan behar da, ukigarria bailitzan. Eta zuek, zuen kontakizunarekin konfiantza dakarkizue. Herrialdea eraikitzen laguntzen diguzue eta azken finean, herritarrak izaten laguntzen diguzue”, esan zuen Tabernak. Era berean, adierazi zuen, “komunitate guztiek behar izaten dutela egitura darion tresnaren bat zeinek, historia komun bat abiapuntu izanik, bere nobedadeak, beharrak eta halaber bere lorpenak partekatuko dituen”. 

Gainera, toki hedabide, eskualde, herri eta auzoak “bizirik mantentzeko” eginiko bere ekarpenagatik, despopulazioaren aurkako borroka politiketan betetzen duten zeregin garrantzitsua berretsi zuen. “Tokiko komunikazio hedabide baten desagerpena ondoko despopulazio arazo baterako alerta goiztiar bat da. Eskualde batek bere gainbehera demografikoari ekiten dionean, bere enpresa eta asoziazio ehunaren desagerpenarekin batera, ohikoa izaten da halaber bere egunkaria, bere aldizkaria edo tokiko irrati-etxea desagertzen ikustea”. 

Bukatzeko, Nafarroako Gobernuak toki hedabideei ematen dien babesa nabarmendu du, 2019tik publizitateko inbertsioaren % 55eko hazkundean islatuta dagoenez. Zehazki, iaz 81.500 euro inbertitu ziren tokiko hedabideak txertatze aldera, Nafarroako Gobernuaren publizitate instituzionaletik datorrena % 5a izanik. 

Elkarteaz 
NafarPres entitatea 2006. urtean sortu zen eta foru erkidegoko bederatzi toki hedabide biltzen ditu: Plaza Nueva, La Voz de la Merindad, Ttipi-Ttapa, Guaixe, Mendixut, Txantrean Auzolan, Mailope eta Izarbeibar nahiz Lizarraldeako Entreto2-Auzolan aldizkariak. Eta hedabide horiek Sakana, Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea, Urumealdea, Xareta, Erdi Aldea, Nafarroako Pirinioak, Txantrea, Izarbeibar, Lizarraldea, Erribera, Araitz, Betelu, Lekunberri eta Larraun eremuetako informazioaren berri ematen dute. 

Web orria 
Nafarpressen webgunean, www.nafarpres.com/eu/, elkartearen berri izanen du bisitariak. Horretaz aparte, bazkide diren hedabide guztien albisteak irakurtzeko aukera dago. Gainera, publizitatea jarri nahi duten entitateei harremanetan jartzeko modua ere eskaintzen die.