Areto futbola

Aralar Mendik ezin izan zuen San Juan mendean hartu

Guaixe 2023ko urr. 18a, 09:55

Hirugarren mailako bigarren jardunaldiak ez zuen Sakanan punturik utzi

Areto futboleko Hirugarren mailako bigarren jardunaldian Aralar Mendik  San Juan taldea hartu zuen Uharte Arakilgo Larrebieta kiroldegian, eta hasieratik partida maldan gora jarri zitzaion talde sakandarrari, ia konturatu gabe San Juan 0 eta 3 aurreratu zelako. 12. minutuan Ibai Martiarenaren golarekin 1 eta 3 hurbildu zen Aralar Mendi, eta horrela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian beste bi gol sartu zituen San Juanek eta 1 eta 5 aurreratu ziren iruindarrak. Ibai Martiarenak bigarrena sartu zuen, baina ez zen gehiagorako astirik egon eta 2 eta 5 galdu zuten uhartearrek. 

Bestalde, Ibarartek Kirol Sport izan zuen aurkari. Ibararte aurreratu zen, baina partidari buelta eman zion Kirol Sportek, 3 eta 1 aurreratu baitzen. Partida bukatzear zela 3 eta 2 gerturatu zen Ibararte, baina ez zen gehiagorako tartea egon. 

Sailkapenean Universidad de Navarra da Hirugarren mailako lider (6 puntu). Ibararte bederatzigarren da, eta Aralar Mendi hamabigarren, azkena, biak punturik gabe. Urriaren 21ean, larunbata, Ibarartek seigarren den Ablitas taldea hartuko du, 18:30ean, Zubirin. Aralar Mendik, aldiz, hamargarren den Gazte Berriak izango du aurkari, 18:00etan, Antsoainen.